Erraldoi eta buruhandiek jantzan egingo dabe Bilboko Euskal Museoan
2020-09-03 08:23 KultureaIrailaren 4an hasi eta hurrengo egunetan, hainbat saio egongo dira.
Erraldoi eta buruhandiek Bilboko kaleetan egiten daben urteroko ibilaldia bertan behera geratu da aurten, Covid-19aren pandemiagaitik, eta, horren ordez, Euskal Museoaren barruan beste ekitaldi bat egitea pentsau dabe. Hain zuzen be, erraldoi eta buruhandiek jantza-erakustaldiak egingo ditue hurrengo egunotan, bilbotarrek eta bisitariek ikusi deiezen.
Museoko klaustroan izango dira jantzak, irailaren 4an, 5ean, 6an, 10ean, 11n, 12an eta 13an. Egun bakotxean saio bi egongo dira: Eguen eta barikuetakoak 19:00etan eta 19:30ean; zapatu-domeketakoak, ostera, 12:00etan eta 12:30ean. Gonbidapenak doban eskuratu leitekez Euskal Museoaren webgunean, irailaren 3ko arratsaldetik aurrera (gehienez lau sarrera eskabide bakotxeko).
Saio bakotxa 20 bat minutukoa izango da. Bizkaiko Jantzarien Biltzarreko gaiteroek joko dabe musikea, erraldoi eta buruhandiek jantzan egin deien. Erritmo tradizionalen doinuan, lau metroko figurak zelan mobiduten diran ikusi ahal izango dau publikoak.
Pandemiari aurre egiteko neurriek baldintzatuko dabe ikuskizuna. Publikoa Unamuno plazako sarreratik baino ezin izango da museoan sartu, eta, momentu guztietan, ikusleen arteko distantziak gorde beharko dira. Saio bakotxean gehienez 60 lagun onartuko ditue.
Ikuskizun honeek Euskal Museoko azkenaldiko erakusketa esanguratsuenetako bati amaiera biribila emongo deutse. Izan be, irailean bertan kenduko dabe Bilboko erraldoi eta buruhandien inguruko erakusketea. Bertan ikusi leitekez uriko ospakizunetan erabilten diran figurak, 1988ko belaunaldikoak, hareen historiaren eta zereginaren ganeko azalpen zehtzakaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!