Badator Sarako Idazleen Biltzarra

Bizkaie! 2020-09-02 13:27   Kulturea

Irailaren 6an, domekan, egingo dabe udabarrian atzeratutako hitzordua.

Sarako Idazleen Biltzarra, aurreko edizino baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Beste urte batzuetan baino askoz beranduago, uda ostean, baina etorri badator Sarako Idazleen Biltzarra. Domekan, hilak 6, egingo da 37. Biltzarra, egun bakar batez, aurreko urteetako jokerea apurtuta. Egun bira zabaldu eben topaketea orain dala urte gitxi, baina Covid-19aren pandemiak aurten ez dau aukera askorik itxi, eta egun bakarrera bueltau dia.

Pazko Astelehena da Sarako Idazleen Biltzarra egiteko egun tradizionala, azken urteetan bezperako domekara be zabalduta. Aurten be data horretarako egoan aurreikusita, baina konfinamendu bete-betean egokitu zanez, antolatzaileek irailera atzeratzea erabagi eben.

Hortaz, udagoienaren atarian helduko da 37. Idazleen Biltzarra, udabarrian barik. Edozelan be, Ipar Euskal Herriko produkzino literarioaren erakusgarri eta idazle zein zaleen topaleku izango da aurtengoa. Argitaletxe, idazle, musikari eta osterantzeko eragileek 96 erakusmahai ipiniko ditue, azken nobedadeak zein interes handiko beste argitalpen batzuk saltzeko.

Sarako Idazleen Biltzarraren ezaugarri nagusia idazleak eta irakurleak alkartzea da, bien arteko zubilana egitea. Horregaitik, autore asko erakusmahaietan egongo dira, jenteagaz berba egiteko prest. Era berean, egitarau oparoa atondu dabe, goiz eta arratsalde: aurkezpenak eta berbaldiak gehienbat. Bestetik, Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoi omenduko ditu Biltzarrak edizino honetan.

Erakunde ezagun batzuek dagoeneko aurreratu dabe Saran egongo dirala domekan. Euskaltzaindiak, esate baterako, azken argitalpenak eroango ditu eta Euskal Wikipediak, ostera, urteotan egiten dabilen lanaren barri emongo dau.

Ohiko moduan, Sarako kiroldegian izango da Biltzarra, baina osasun neurri zorrotzagoak bete beharko ditue bisitariek. Sartzeko euro bi pagau behar dira, aurreko urteetako prezioaren pare.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu