Bilboko Guggenheimek 100.000 bisitari eskas izan ditu udan

Bizkaie! 2020-09-02 08:30   Kulturea

Aurreko urteetako kopuruen herena da.

Museoa, Arrupe zubiaren azpitik ikusita (argazkia: Guggenheim Bilbao) | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19ak eragin sakona izan dau Bilboko Guggenheim Museora joan diran bisitarien kopuruan eta ezaugarrietan. Aurreko urteetako ilarak eta jente-piloketak ahaztuta, jarduerea pixkanaka berreskuratzeko hileak izan dira aurtengo udakoak, beti osasun neurriei lehentasuna emonda. Bagiletik abuztura, hiru hilean, 98.673 bisitari hartu ditu museoak.

Udakoen artean, bagila izan da, zalantza barik, eskasena, nazinoarteko mugak zarratuta egoazalako, eta hilaren azken-azkenetan baino ez ziran atzerriko bisitariak hurreratzen hasi: 8.383 lagun joan ziran Guggenheimera. Garagarrilak zifra hobeak ekarri zituan, 37.234; azkenik, abuztuan, beste igoera bat, 53.056.

Abuztuan bisitarien kopuruak barriro handiak izan diran arren, aurreko urteetako jentetzarik ez da egon. Garagarrileko eta abuztuko tartea hartuta, igazkoen herenak etorri dira aurten. Halandabe, Guggenheim Museoko arduradunek pozik hartu ditue datuak, ze, Covid-19aren eragina ikusita, bisitari gitxiago aurreikusi zituen udarako.

Pandemiak bisitarien ezaugarriak be aldatu ditu. Lehen, batez be udan, atzerritarrak izaten ziran nagusi, munduko txoko guztietatik etorriak. Aurten, inguruko jentea gehiago ibili da, proportzinoan. Espainiakoak izan dira % 55, eta Frantziakoak % 26. Hor sartzen dira Euskal Herri osoko bisitariak be. Hortaz, urrunagoko herrialdeetako jentea kopuru txikietan etorri da: Alemania (% 5), Belgika (% 2) eta Erresuma Batua (% 2) dagoz buruan.

Udan bisitari gehien izan zituan eguna abuztuaren 12a, eguaztena, izan zan, 2.843 lagun joan ziran Guggenheimera. Eguneko batez bestekoa 1.600 bisitarikoa izan da udan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu