Bermeoko Ormaza fabrikearen eraikina babesteko prozesua hasi dabe
2020-09-01 13:20 KultureaBabes Bereziko Kultura Ondasun kategoria emon nahi deutse.
Bermeoko itsas-bizitzearen eta konserba-industriaren lekuko bikaina izan da luzaroan Ormaza enpresearen eraikina, alderdi arkitektonikotik nabarmena izateaz gan, eta herriko historian dauen leku hori autortzeko prozesua hasi dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak. Hain zuzen be, Babes Bereziko Kultura Ondasun, monumentu kategorian, izentau nahi dabe eraikina.
Babes berezi hori emoteko prozedurea publiko egin dau Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkariak. Honenbestez, hogei eguneko epea dabe interesdunek alegazinoak aurkezteko. Ez balego alegazinorik, edo bestela, horreek ebatzitakoan, dekretu bidez emongo deutse Babes Bereziko Kultura Ondasun izendapena.
Behin babesa emonda, Ormaza konserba-fabrikearen eraikina modu seguruan eta dituan ezaugarri guztiei eutsita gordeko dala ziurtatuko dabe erakunde publikoek, ondare-balioa autortzeaz gan. 1942an eregitako eraikin horrek ikuspuntu historiko, teknologiko, ekonomiko, antropologiko eta industrialetik balio handia dauela dino Kultura Sailak, baita balio artistiko, tekniko eta arkitektonikotik be.
Ormaza fabrikeari jagokon babesa emotea beharrezkotzat jo dau Kultura Sailak, era askotako balioak transmitiduko deutsezalako gaur egungo herritarrei zein hurrengo belaunaldiei. Esate baterako, arraina eraldatu eta konserban gordeteko metodoek herrira ekarri eben iraultzea, orduko aurrerapen teknikoak, beste fabrika batzuen aldean Ormazakoak daukan estilo arkitektoniko barritzailea... horreen danen espilu da fabrikea.
Bermeoren memoriaren gordelekua da, beraz, Ormaza fabrikea, baina ikuspegi artistikotik be badau zer eskaini: Estilo arrazionalistea, elementu ikonografikoak, funtzionaltasuna eta monumentaltasuna buztartzen ditu. Materialen erabilerea (adreilua eta porlana) eta inguruko kaleen itxuran daukan garrantzia be aitatzekoak dira.
Tradizino handiko enpresea da Conservas Ormaza Bermeon, 1923an Ruperto Ormazak sortua. Honen seme Anton Ormaza enpresearen gidari zala eregi eben gaur egungo eraikina, Askatasun Bidea kalean, 1942an. Pedro Ispizua arkitekto entzutetsuak egin eban diseinua. Ordura arte konserba-enpresek erabilten zituen eraikinen aldean, apurtzailea zan honako hau.
Bermeon bertan jaio zan Pedro Ispizua arkitektoa, 1895ean, eta Ormaza fabrikearen enkargua jaso ebanean, bere ibilbidearen heldutasunean egoala dinoe adituek. Ez da erraza Ispizuaren obrea estilo jakin batean sartzea, eklektikoa zalako, baina XX. mendearen lehenengo erdian boladan egozan jokera batzuk buztartzen zituan: Art Déco, arrazionalismoa, espresionismoa... Ormaza eraikinean be estilo horreetako batzuen arrastoa agirikoa da.
Eraikina industriarako eta bizitoki izateko diseinauta dago, familia-ekonomiaren erakusgarri dalako. Bizitokiaren atalak eta prestaketa-nabea zanaren (gaur egun desagertuta dago) gelaurreari jagokon bolumen erantsiak moltso bat osotzen dabe, Askatasun kalera begira. Nabea atzealdeko fatxadeari atxikita egoan, eta orubearen amaieraraino heltzen zan. Gaur egun, nabea ez dagoanez, parte bat hutsik dago orubean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!