Bilbotarren 'jarrera eredugarria' txalotu dabe Konparsek

Bizkaie! 2020-09-01 09:33   Pil-pilean

Ospakizunik bako Aste Nagusian erantzunkizunez jokatu dabe eta ez da jente-piloketarik egon.

Domekan zan amaitzekoa 2020ko Aste Nagusia Bilbon, baina Covid-19aren pandemiaren eraginez, jaiak ez dira ez hasi ez amaitu, ez dalako ezelako ospakizunik antolatu. Bilboko Konparsek plazaratu daben oharrean, bilbotarrek agertutako erantzunkizuna nabarmendu dabe, jairik ez egiteko deiari bikain erantzun deutselako.

Bilbotarren jarrerea jende-piloketarik bakoa, alaia, errespetuzkoa, alkar zaintzeari begirakoa izan dala adierazo dabe Konparsek oharrean. Zalantzarik ez dogu, munduko jai onenen gakoa jentea bera da. Urtero-urtero jarrera eredugarriak ikusten ditue jai-gunean, eta aurten ez da salbuespena izan.

Marijaia bako abuztua izan da aurtengoa, Konparsek aurreikusita izan dituen 566 jardueretatik bat be ez da egin. Aste Nagusia ez egitea tristea izan dan arren, konparsakide nagusiakandik ikasi genduan zer dan arduratsu izatea, 1983ko urioletan, eta bardin jokatu dabe konparsakideek aurten, dino oharrak. Covid-19a agertu zanetik, erantzukizuna, alkartasuna, alkarlana eta alaitasuna izan dira euren ardatzak.

Halandabe, konparsakideak ez dirala kaleetatik desagertu azpimarratu dabe, konparsetako alkondarak jantzi dituelako askok, baina beti jokabide arduratsuei lotuta.

Bestetik, Aste Nagusirik bako bederatzi egunetan ez dala eraso sexistarik, arrazistarik eta LGTBIfoborik egon jakin eragin dabe Konparsek, edo behintzat ez dala bape salatu. Salatzen ez diran eraso sexistak be, izan badira, eta hortaz, erasoen aurrean ez dirala isilik geratuko azpimarratu dabe.

Datorrenari begira dagoz dagoeneko Konparsak. Osasun-krisiagaz batera etorri dan krisi ekonomikoa betikook ordaindu ez daigun, joan dan martitik martxan dagozan hainbat alkartasun-jarduera gogoratu ditue. Jai herrikoiak, herri-kulturea eta osasungintza, hezkuntzea eta bestelako zerbitzu publikoak defendiduteko deia egin dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu