Bizkaiko Zin-bidea ezagutzeko bisita gidatuak irailean
2020-08-31 12:22 KultureaOinez edo autobusez egiteko aukerea egongo da.
Ibilbide historikoak programearen barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak ibilaldiak eta bisitaldi gidatuak antolatuko ditu herritarrek antxinako zin-bidea ezagutu deien. Bizkaiko Jaunak kargua zin egiteko egiten zituan geldialdiak lotzen ditu bide horrek: Bilbo, Larrabetzu, Gernika eta Bermeo. Irailaren 18, 19, 20, 26 eta 27an egingo ditue bisitaldiok, osasun neurri zorrotzak beteta.
Foru Aldundiaren arabera, helburu bi ditu ekimenak: batetik, gure historia ezagutarazotea; bestetik, Bizkaiko Foruen funtsa erakustea, ze ezarpen-mekanismo zituen azalduta. Izan be, menderik mende, Bizkaiko legeen oinarrietako bat izan zan foruak zin egitea. Jaun edo errege barriek ibilbide zehatz bat egiten eben, eta geldialdien lekuak gaur egun be nabarmenak dira alderdi historiko zein monumentaletik.
Antolatutako ibilbideok autobusean edo oinez egin ahal izango dira. Bigarren kasu horretan, hiru etapatan banatuko da jarduerea. Bilbon egongo da abiapuntua, eta Bermeon amaierea. Oinezkoentzat, bigarren etapea Larrabetzun hasiko da, eta, hirugarrena, Gernikan.
Bidean, foruak zin egiteko erabilten ziran lekuak eta monumentuak banan-banan ikusiko ditue bisitariek, azalpen historikoz lagunduta. Bilbon, Lezaman, Larrabetzuko Goikolexean, Morgan, Gernikako Batzar Etxean, Foruan, Mundakan eta Bermeon dagoz leku interesgarriak.
Izena emoteko epea zabalik dago. Erreserbak egiteko 688 856 689 telefonora deitu behar da, edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua bialdu. Argibide gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!