Bizikletearen hilea izango da iraila Barakaldon
2020-08-26 10:42 Pil-pileanGarraiobide jasangarriak bultzatzea da helburua.
Irailean 30 egun bizikletaz kanpainea ipiniko dau martxan Barakaldoko Udalak, jasangarritasuna eta garraiobide garbiak bultzatzeko asmoz. Uriko bost auzotan karpa pedagogikoak ipiniko ditue, eta han bizikleteagaz lotutako tailerrak egongo dira herritarren eskura. Ziklobizi Eskolako monitoreek parte-hartzaileei erakutsiko deutse zein dan Barakaldoko kaleetan bizikletaz ibilteko modurik egokiena.
Danetara hamar tailer antolatuko ditue, iraileko zapatuetan eta urriaren 3an. Derrigorrezko segurtasun elementuak, gorputz hizkuntzearen garrantzia, bide-seinaleak, puntu arriskutsuak... jorratuko ditue. Biziletarik ez daukanari Udalak lagako deutso bat ikastaroan parte hartu deian. Hori bai, izena emoteko adi ibili behar da, ze saio bakotxeko zortzi lagun baino ez ditue onartuko gehienez.
Herriko Plazan, Lube plazan, eta Gurutzeta, San Bizente eta Retuerto auzoetako plazetan egingo ditue ikastaroak, 10:00etan hasita. Ordu bi inguruko saioak herriko kaleetan bizikleta-txango bat eginaz biribilduko ditue, ikastaroan ikasitakoa praktikan jarteko.
Beste alde batetik, Barakaldoko Udalak 40 bizikleta lagako deutsez eskaria egiten daben beste horrenbeste herritarri, kanpainea martxan dagoan bitartean uritik mobiduteko ohiturak aldatu deiezen. Ganera, argazki-lehiaketea egongo da martxan irailean: Bizikletaz egindako ibilbide bateko argazkia egin eta sare sozialetan #30DíasEnBiciConBarakaldo traolagaz zabaltzeko eskatu dau Udalak. Kanpainearen amaieran sariak zotz egingo ditue parte-hartzaileen artean.
Gorka Zubiaurre zinegotziak adierazo dauenez, herritarrak bultzatu nahi doguz bizikletea beste garraiobide batzuen ordez erabiltera, egunerokoan. Bizikletearen Aldeko Urien Sareak bultzatutako ekimena da, eta Barakaldok bat egin dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!