Laguntzino gehiago Bizkaiko kulturgintzarako

Bizkaie! 2020-08-26 08:42   Kulturea

Pandemiak eragindako kalteak arintzeko, egiturazko gastuak pagetan lagunduko dau Foru Aldundiak.

Pandemia sasoietara egokitutako antzokia, Berlinen. | Ikusi handiago | Argazki originala

Eskena Garatu izeneko dekretu barria onartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak beste 230.000 euro erabiliko ditu kulturgintzeari laguntzeko, Covid-19aren pandemiak sektore horri eragin deutsazan kalteak arintzeko asmoz. Ganera, foru erakundeak 500.000 euro baino gehiago bideratuko ditu antzerki, musika eta jantza ikuskizunen programazinoetara, deialdia gaur egungo egoerara egokituta.

Euskera, Kultura eta Kirol diputadu Lorea Bilbaok azaldu dauenez, Covid-19aren krisiak kultur sektorean eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko, kultur proiektuak garatzeko ordainketak erraztu doguz eta laguntzinoak emoteko baldintzak malgutu; ondorioz, garagarrilerako ordainduta egon dira dirulaguntzino guztiak.

Bilbaok ganeratu dauenez, Eskena Garatu dekretu barriaren bidez, Bizkaiko arte eszenikoen, musikearen eta jantzearen sektoreko enpresa eta langile autonomoen egiturazko gastuen zati bat diruz laguntzen da; jarduereari eta enpleguari eutsi nahi deutsegu. Kontratautako beharginen gastua, autonomoen kuotea... pagetako laguntzinoak izango ditue kulturgintzako profesionalek, Covid-19ak nabarmen eragin badeutse. Foru Aldundian eskabidea egiteko epea irailaren 10ean zabalduko dabe.

Ganera, 2020a programazinoari jagokonez salbuespenezko urtea izango danez, jarduera eszenikoa bultzatzeko neurriak hartuko dira. Alarma egoeratik kanpo emon diran ikuskizunetan, baita alarma egoeran bide telematikoetatik egin ziranetan be, cache-aren % 100 be errekuperau leikie eragileek. Pandemiagaitik programautako ikuskizun eszenikoak bertan behera itxi dituenek cache-aren % 80ra arte jaso leikie.

Kasu honetan, antzoki publikoen Sarea alkarteko kide diran agertokietan emon beharreko ikuskizunek eskatu leikiez laguntzinoak. Irailaren 7an hasiko da epea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu