Bilbo Zaharreko sormen guneetako bisitaldietan izena emoteko epea zabalik
2020-08-25 08:03 KultureaBLV-ART programearen barruko jarduera hori irailaren 18an eta 19an egingo da.
Aurreko urteetan legez, aurten be Arty Walks izeneko ikustaldi gidatuak antolatuko ditu Bilboko Udalak, BLV-ART egitasmoaren barruan. Irailaren 18an eta 19an egingo dabe jarduerea Bilbo Zaharreko hainbat txokotan, kulturea auzo hori zelan eraldatzen dabilen erakusteko. Izena emoteko epea zabalik dago, irailaren 13ra arte.
Ordu bi inguruko ikustaldiak izango dira, egun bakotxean 18:00etan hasita. Txanda bakotxean ibilbide bi egongo dira aukeran. Bilbo Zaharrean finkatu dan sortzaileen komunidadearen barri emongo deutse parte-hartzaileei, eta proiektu zehatzak bisitauta ezagutuko dabe kultureak zelan aldatu dauen auzoa. Artistek eta ekintzaile artistikoek euren jardunaren inguruan egingo dabe berba.
Beste edizino batzuetan bisitau ez diran guneak egongo dira aurtengo ibilbidean. Esate baterako, Pikara Magazine aldizkari feministea, Caóstica kolektiboa eta La Deriva taller de curiosidades-Lurpeko Bitxiak.
Ganera, bisitaldietan parte hartzen dabenek Ruth Juan artisteak egindako interbentzino artistiko barria bertatik bertara ikusi ahal izango dabe. Bartzelonan jaio eta Bilbon bizi dan sortzaile horrek horma-irudi handi bat marraztu dau Sortzez Garbiaren komentuan. Lehenago be beste interbentzino artistiko batzuk egin izan ditu auzoan, berbarako Gorte kalean eta Martzanan.
Komentua San Frantzisko auzoaren bihotzean dago. 1861ean eregi eben, eta 1937an gerrea heldu arte bizi-bizi egon zan. Urte batzuk hutsik eta hondatuta egon eta gero, eraikina konpondu eta, 1957tik, barriro da komentua.
Arty Walks ikustaldietan izena emoteko cultura@bilbao.eus helbidera idatzi behar da. Lekuak mugatuta egongo dira txanda bakotxean, osasun arrazoiakaitik. Azalpenak euskeraz entzun nahi dituanak hilaren 19ko bisitaldi gidatuan izango dau aukerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!