Kirmen Uribe ezin izango da eguenean Bilbora etorri

Bizkaie! 2020-08-24 11:36   Kulturea

Errezitaldi baten parte hartzekoa zan, baina Amerikatik hona etorteko baldintzak zorroztu ditue Covid-19agaitik.

#BilbaoUda2020 zikloaren barruan, Kirmen Uribe idazlea errezitaldi baten parte hartzekoa zan eguenean, hilak 27, Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Covid-19aren pandemiagaitik, baina, Estadu Batuek zorroztu egin ditue bidaiak egiteko baldintzak, eta, beraz, Kirmen Uribe ezin izango da agindutako egunean etorri. Errezitaldia bertan behera itxi dau Bilboko Udalak, ohar baten azaldu dauenez.

Gogoan izan behar da azken hileotan Amerikan bizi dala Kirmen Uribe idazle ondarroarra, New Yorkeko liburutegian egonaldia egiteko aukeratu eben eta. Bere proiektu literario barriak lantzeko eta hango giro kulturala ezagutzeko programea da hori.

Gerardo Markuleta idazleagaz eta Jon Kortazar literaturan adituagaz batera atondutako errezitaldia zan 17 segundo izenekoa, Kirmen Uriberen izen bereko liburuan oinarritua. Ondarroako idazlearen uniberso literarioan sakontzeko aukera aproposa zan, baina ezin izango da egin. Udalak ez dau argitu aurrerago errezitaldi hori barriro programauko dauen, Uribe Bilbora etorri ahal danean.

Pandemiak baldintzatutako egoeran eskaintza kultural aberats eta segurua emoteko asmoz antolatu dau Bilboko Udalak #BilbaoUda2020 zikloa. Literaturea ez eze, musikea, bertsoak, antzerkia, umeentzako jarduerak... dagoz egitarauan. Covid-19ak kulturgintzan eragindako kalteari aurre egiteko ekimena da, baina, egueneko errezitaldiaren kasuan, birusak irabazi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu