Sarriko eta Ibarrekolanda ezagutzeko bisitak irailean
2020-08-24 07:55 Pil-pileanIzena emoteko epea gaur zabaldu dabe.
Uriko 1. Barrutiko auzoak erakusten dabiz azkenaldion Bilbao Izan programearen barruko oinezko bisitaldi gidatuetan. Arangoitiren txandea amaituta, irailean Ibarrekolanda eta Sarriko izango dira protagonista. Bilboko Udalak azaldu dauenez, ohiko bisitaldiak zein familientzakoak antolatuko ditue, horreetako auzo bietako txoko esanguratsuak, historia eta bitxikeriak zabaltzeko asmoz.
Deustuko eleizateko baserri-auzoak izan ziran Ibarrekolanda eta Sarriko, txakolina, baserriak eta baratzeak ziran nagusi. XIX. mendearen erdi partean industrializazinoaren eragina igarten hasi ziran, batez be burgesiako familia askok etxeak eta txaletak eregi zituelako han. Ondoren, trena eta tranbia heltzeaz bat, bizileku jentetsu bihurtu ziran, eta gaur egun be etxe eta biztanle askoko eremua da.
Deusturen kanpoaldeko baserri-auzo izatetik Bilboko eremu jentetsu izatera eroan dituan historia gorabeheratsu hori ezagutu nahi dabenek irailean izango dabe aukerea, astero martitzenetik barikura (11:00etan eta 18:30ean) eta zapatuetan (10:30ean eta 12:30ean). Eguen arratsaldeetako saioak euskeraz izango dira. Irailaren 13an eta 20an, biak domekak, familientzako bisitaldiak egingo ditue (12:30ean, euskeraz eta gaztelaniaz).
Izena emoteko epea gaur, astelehena, zabaldu dabe. Horretarako, 944 010 010 telefono zenbakira deitu behar da. Parte hartzea doban da. Osasun neurriak dirala eta, aurreko edizinoetan baino jente gitxiago egongo da bisitaldi bakotxean.
Udalak zehaztu dauenez, familientzat antolatutako bisitaldi gidatuak lau urtetik gorako umeak dituenei zuzenduta dagoz. Olgeta eta ipuinen bidez, auzoetako historia ezagutuko dabe ume eta helduek, modu dibertigarrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!