Undurragako urtegia ezagutzeko ibilaldia zapatuan
2020-08-21 10:28 KultureaGorbeialdeko parajeak ezagutzera emoteko programazinoaren barruan dago jarduera hau.
Gorbeia Gune Turistikoa izeneko erakundeak bultzatuta, Undurragako urtegia eta inguruko txokoak ezagutzeko ibilaldi gidatua egongo da zapatuan, hilak 22, goizeko 11:00etan hasita. Zeanuriko Herriko Plazan jarri dabe hitzordua, eta handik joango dira, paseo atseginean, Undurragaraino.
Sei kilometro eta erdi inguruko ibilbide horretan, Undurragako ondare naturalaren eta historikoaren inguruko jakingarriak ezagutu ahal izango ditue parte-hartzaileek, paraje ederrez gozeteaz ganera. Urtegiaren nondik norakoak, erroten garrantzia... jorratuko ditue ordu bi inguruko txangoan. Antolatzaileen arabera, zailtasun txikiko ibilaldia izango da.
Parte-hartzaileek pintxo-potea egin ahal izango dabe Sagarna txokoan, Zeanuriko establezimendu berezienetako baten. Umeek, pintxo-potearen ordez, freskagarria edateko bonua jasoko dabe sarrerea erostearen truke.
Zapatuan ibilbide honetan parte hartu ezin dauenak, edo leku barik geratu danak, aurrerago izango dau aukerea, irailaren 26an eta urriaren 25ean, egun horreetan barriro antolatuko dabelako Undurragako txango hau, Gorbeia Gune Turistikoak iragarri dauenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!