Denden lehiakortasuna handitzeko programea Bilbon

Bizkaie! 2020-08-18 08:10   Pil-pilean

Kalidade onekoa eta errentagarria dan merkataritzea bultzatu nahi dabe.

Bilboko denda bateko erakusleihoa (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak eta uriko merkatariak batzen dituan Bilbao Dendak alkarteak hitzarmena egin dabe, Covid-19ak eragindako oztopoen aurrean modu bateratuan erantzuteko. Kalidade onekoa eta errentagarria izango dan merkataritza-sarea indartzea da helburua, jarduerea suspertzeko eta lehiakortasuna hobetzeko hainbat laguntzinoren bidez.

Hirigune programearen parte da hitzarmena, hau da, Covid-19aren larrialdiari aurre egiteko merkataritzearen lankidetza, dinamizazino eta lehiakortasunerako lekuan lekuko estrategiak sustatzeko laguntzinoen parte. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak jarri dau martxan.

Bizkaiko uriburuari jagokon hitzarmenean jaso dabenez, merkataritza-jarduerearen baldintzak, establezimenduen kudeaketea eta langileen prestakuntzea hobetzeko neurriak hartuko ditue, komunikazino-ekintzak ahaztu barik. Ganera, beste sektore batzuk be kontuan hartzen dituan Bilbao Aurrera egitasmoaren barruan, uriko dendariek onura ugari eskuratu leikiez: Aholkularitzea; denda, negozio txiki eta autonomoentzako zuzeneko diru-laguntzinoak; alokairuak ordaintzeko erraztasunak; eta barrikuntzea eta ekintzailetzea bultzatzeko programak.

Azkenik, Udalak aurreratu dau Bilbo Bonuak diralakoak plazaratuko dituala laster, udagoieneko kanpainara begira. Herritarrak lekuan lekuko denda eta negozioetara erakartea izango da helburua, deskontuen bidez. Hiru bonu egongo dira aukeran: Dendetakoa, ostalaritzakoa eta turismo alorrekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu