Hezkuntzako Enplegu Publikorako Eskaintzea abenduan egingo da

Bizkaie! 2020-08-17 10:45   Pil-pilean

Bagilean zan egitekoa, baina pandemiagaitik atzeratu egin eben.

Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkariak gaur argitaratu ditu Hezkuntza Saileko Enplegu Publikorako Eskaintzearen inguruko argibideak. Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez, 2020ko abenduan egingo da EPEa, eta 1.148 plaza egongo dira jokoan. Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleentzako lanpostuak dira.

Berez, bagilean egin behar zan oposizinoa da honako hau. Aste batzuk lehenago, baina, deialdia atzeratzea erabagi eban Jaurlaritzeak, Covid-19aren pandemiaren momenturik gorena zalako, eta, konfinamendua tarteko, halako azterketa bat preparetako egokierarik aproposena ez zala garbi egoalako.

Agindu barriak ezarri dauenez, oposizino-faseko lehenengo azterketea abenduko hirugarren asteburuan egingo da, osasun egoereak horretarako aukerea emoten badau. Bestelako epe batzuk be zehaztuta dagoz: Irailaren 30etik urriaren 9ra, hautagaiek programazino didaktikoa aurkeztu beharko dabe. 2021aren hasieran, ostera, merezimenduak aurkezteko zortzi eguneko epea egongo da.

Orain arte izena emoteko zabaldu diran epeetan (zezeil eta martian lehenengo; bagilean gero), 6.000 lagun baino gehiago apuntau dira oposizinoa egiteko zerrendan. Horreek guztiek programazino didaktikoa aurkeztu beharko dabe abenduko EPEan parte hartu ahal izateko.

Plazen ezaugarriei jagokenez, EPEko 1.148 postuak moltso honeetan biotan egongo dira banatuta: Gehien-gehienak, 1.021 plaza, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako izango dira; ganerakoak, 127, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegorako.

Irakurri Hezkuntza Sailaren agindua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu