Indusketa arkeologikoak egingo ditue asteon Garraitz ugartean

Bizkaie! 2020-08-17 09:41   Kulturea

Atabaka alkarteak laguntzinoa eskatu deutse herritarrei.

Urtero, abuztuan, indusketa arkeologikoak egiten ditue Lekeitioko Garraitz ugartean, aurreko mendeetan han egondako eraikinak eta jarduerak argitara ekarri eta orduko bizimoduaz datuak batzeko. Aurten, pandemiak dana jarri dau hankaz gora, baina Atabaka kultur alkarteak deialdiari eustea erabagi dau. Hortaz, indusketak asteon, abuztuaren 18tik 20ra, egingo dira, hiru egunez.

Boluntarioen lanari esker egiten dau aurrera Garraitzeko azterketa arkeologikoak. Horregaitik, nahi daben herritar guztiei dei egin deutse, lagundu deien.  Egunero goizeko 09:00etan jarri dabe hitzordua, Islako moilearen hasieran. Beharrerako gogoa eta eskunarruak baino ez ditue eskatzen. Aranzadi Zientzia Alkarteko arkeologoek gidatuko dabe hiru egunotako jarduna. Lekeitioko Udalak be babesten dau ekimena.

Urterik urte egindako ahaleginari esker, pixkanaka Garraitz ugarteak historian izandako zeresana agirian geratzen hasi da. Hainbat eraikinen aztarnak eta aurreko mendeetako objektu batzuk topau ditue. Aurkikuntza nabarmenenetako bat aurtengo neguan iragarri eben: Europako hainbat herrialdetako txapon zaharrak agertu ziran, XIV. mendearen bueltakoak.

Islan agertu dan ondare aberats horri esker, 2019tik Parke Arkeologiko izendapena dau Garraitzek. Alderdi historikotik ez eze, paisajearen eta naturearen aldetik dauen aberastasuna gauza jakina eta autortua da orain. Inguruko bideak be garbitu dituenez, makina bat bisitari joaten dira ugartera, batez be udan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu