Begoñan ez da ospakizunik egingo zapatuan

Bizkaie! 2020-08-14 10:27   Pil-pilean

Edukiera mugatuko mezak izango dira ekitaldi bakarra Ama Birjinaren egunean.

Begoñako basilikea | Ikusi handiago | Argazki originala

Ama Birjinaren egunean, abuztuaren 15ean, jente asko hurreratzen da Bizkai osotik Begoñako basilikearen inguruetara, urteroko ohitureak agintzen dauen legez. Aurten, baina, bertan behera itxi ditue ospakizun guztiak jentea ez daiten pilotu. Pandemia zabaltzen doa barriro, eta Bilbo ingurua da, hain zuzen, kasu gehien dituan lekua Euskal Herrian. Hori dala eta, erromeria eta aurreskua ez dira egingo.

Normalean, erromeria jentetsua izaten da Begoñakoa. Ganera, 1995ean, Jose Maria Gorordo orduko alkateak antxinako ohitura bat berreskuratu eban, alkateak herritarren aurrean aurreskua jantzatzekoa. Harrezkero, urtero egin dabe jantzan alkate guztiek, hutsik egin barik. Bilboko Udalak ohar baten gogora ekarri dauenez, Juan Mari Aburto alkateak ez deutso ohitura horri eutsiko aurten.

Egun osoan ia eten barik basilikearen barruan egiten diran mezak bai, horreek egingo dira. Aburto alkatea 12:00etako meza nagusian izango da. Dana dala, edukierea mugatuta egongo da eleiza barruan eta distantziak gordetea derrigorrezkoa izango da. Mezatara joan nahi dauenak aurretik emon beharko dau izena, Bilboko Eleizbarrutiagaz bat eginda (hemen).

Mario Izeta gotzainak eguerdian gidatuko dauen meza nagusirako leku guztiak beteta dagozala ohartarazo dau Gotzaitegiak. Fededunek zortzi meza berezi be izango ditue egun osoan, goizaldeko 06:00etan hasita. Ordu birik behin izango dira, bitartean desinfekzinoa egiteko. Joan ezin dauenak, edo leku barik geratzen danak, online entzun eta ikusi ahal izango ditu mezak, Eleizbarrutiaren webgunean.

Erromeria tradizionala ez danez egingo, erroskillak, edariak eta abarrak erosteko posturik be ez dabe ipiniko. Begoñako Anaidiaren mahai informatiboa baino ez da egongo, bisitariei informazinoa emon eta loteria txartelak saltzeko.

Begoñaz gan, Bizkaiko herri askotan jai egun garrantzitsua izaten da Andra Mari edo Ama Birjinearen eguna, kasu batzuetan abuztuaren 16ko San Roke be bai. Leku gehien-gehienetan bertan behera itxi ditue jaiak, esate baterako Ondarroan, Portugaleten eta Gernika-Lumon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu