Carola garabiari omenaldi artistikoa
2020-08-14 09:24 KultureaBilboko garabi ezaguna argiz jantziko dabe irailaren 22tik.
Artea, arkitekturea eta teknologia buztartuko ditu Carolaren Arima proiektu barriak, Bilboko Itsasadarreko ondare industrialetik geratzen dan elementu garrantzitsuenetako baten, Carola garabian, hain zuzen. Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Itsasmuseum dira bultzatzaileak, eta instalazinoa irailaren 22ra arte martxan hasiko ez dan arren, aurkezpena egin dabe erakundeotako ordezkariek.
Lorea Bilbao Kultura diputadua egon da aurkezpenean Foru Aldundiaren izenean; Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzearen zuzendari lez agertu da; azkenik, Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendaria be han izan da, proiektuaren komisario Jon Astorquizagaz batera.
Carola garabiaren figurea aldarrikatzea da poiektu artistiko barriaren asmoa, ekitaldi horretan azaldu dabenez. 60 metroko garabia 30 tona altzetako gai zan martxan egoanean, 1950eko hamarkadatik 1980kora, eta Euskalduna inguruko moilak desindustrializau zituenean bertan ixtea erabagi eben, gorriz pintauta. Gaur egun, Itsasmuseum eta Euskalduna jauregia ditu bizilagun.
Kolore gorri biziari eta altuera ikaragarriari esker, inguru haretatik pasetan dan edonork ikusten dau Carola, baina gauez be nabarmendu nahi izan dabe haren figurea. Horregaitik, irailaren 22tik gauez argiztau egingo dabe. Argi finkoak izango badira be, batzuetan forma artistikoak be proiektauko dituela aurreratu dabe, bertoko artisten eskutik. Carolaren Arima proiekturako 13 foku ipini ditue garabiaren inguruan.
Bilboren iraganak, orainak eta geroak bat egingo daben espaziotzat jo ditue Carola eta argi barriak, eta turisten arretea erakarteko bitarteko barritzailetzat be bai. Sinboloa da Carola, gure memoria eta industriagaz eta itsasoagaz lotutako tradizinoa gorde gura doguz, adierazo dau Lorea Bilbaok.
Jon Astorquizaren ustez, Carola ez da garabi huts bat, Bilboko paisajeko eskultura ikonikoa da. Argiztapen bikaina lortzeko Kanadatik foku bereziak ekarri dituela aitatu dau, eta argi zuria baino ez dabela erabiliko ziurtatu dau, Carolaren kolore gorria agirian ixteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!