Lurrunezko trenak bidaia bi egingo ditu astegoienean Azpeititik Lasaora
2020-08-13 11:07 KultureaBurdinbidearen Euskal Museoa martxa bizian dabil udan, baina osasun neurri zorrotzak beteta.
Astegoien hau berezia izango da, zapatua eta domekea, biak jai diralako (Andra Mari eguna da abuztuaren 15a). Egun biotako bat modu berezian pasau nahi dauenak zain dauka Burdinbidearen Euskal Museoa, Azpeitian. Zapatuan eta domekan lurrunezko trenak ibiliko dira antxinako Urolako trenaren bidetik, Azpeitiko geltoki zaharraren eta Lasao auzoaren artean.
Ibilaldi historiko biek, zapatukoak zein domekakoak, eguerdiko 12:00etan urtengo dabe Azpeititik. Antxinako tren-bidaien giroa ezagutu ahal izango dabe parte-hartzaileek, lurrunezko makina eta guzti. Bestela be, aste barruan diesel-makinadun tren historikoak ibilten dira Urolako trenaren bidean ibilbide turistikoak egiten (martitzenetik barikura, egunero 12:30ean eta 18:00etan).
Covid-19aren pandemiak tarte gitxi ixten dauen arren, Burdinbidearen Museoak bete-betean jarduteko ahalegina egin dau uda honetan, tren historikoak martxan jarrita ez eze, baita erakusketak modu egokian atonduta be, bisitariak seguru egon daitezan.
Horrenbestez, museora joan nahi dabenek osasun neurri zorrotzak bete behar ditue: Sartzean eskuak desinfektau, museoaren barruan ezarritako ibilbide zirkularra segidu eta maskarea jantzi. Bisitariek ikutzen dituen objektuak sarriago garbitzen ditue eta jente larregi hartzen daben areto txikiak zarratu.
Kontuak kontu, museoko erakusketak zabalik dagoz martitzenetik zapatura 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Domeka eta jai egunetan, goizez baino ez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!