Bilboko injineruak, Silverstone birtualeko onenen artean
2020-08-13 09:41 Pil-pileanCovid-19aren trabak gainditu, eta 85 parte-hartzaileren artean seigarren amaitu dabe.
EHUren Bilboko Injinerutza Eskolako ikasleek urteak daroez Formula Student dalakoan parte hartzen, hau da, goi mailako ikasleek egindako autoen arteko lasterketetarako diseinuak egiten. Aurtengo edizinoa, baina, guztiz desbardina izan da, pandemiak ohiko lasterketarik ezin egitea ekarri dauelako. Hortaz, diseinuak modu birtualean lehiatu diran alkarren artean.
Bilboko ikasleentzat hori ez da traba handia izan, antza, ze emoitza bikaina eskuratu dabe Silverstone zirkuitu mitikoko Formula Student United Kingdom lehiaketan. Lehenengo hamarren artean sendotu dira EHUkoak, aurreko urteetako lanari segidea emonda. Hain zuzen be, seigarren lekua lortu dabe sailkapen orokorrean.
Lehiaketearen barruko sailkapen tematikoetan, emoitzarik onena diseinuaren atalekoa da, laugarren izan dira eta. FSB2020 diseinuak epaileen laudorioak jaso ditu, diseinu eraginkorra dauelako eta manteniduteko erraza dalako, eta FSBizkaiak azken hirurteko honetan garatu dituan motor bietan oinarritutako teknologiari etekin bikaina atera deutsalako.
Mundu osoko 85 unibersidadetako taldeek hartu dabe parte edizino birtual honetan, beraz, unibersidade gehienek ezin izan dabe Bilboko Injinerutza Eskolakoen lana bardindu. Zer esanik ez, sailkapen nagusiko seigarren postuari esker, datorren urteko edizinorako gonbidapena ziurtatuta daukie.
Eskolako 66 ikasle egon dira 2020ko taldean. Asier Zubizarreta irakasle eta proiektuaren bultzatzaileak adierazo dauenez, pandemia dala eta 2020ko denporaldia oso atipikoa izan dan arren, taldeak egokitzeko gaitasuna eta konpromisoa erakutsi ditu, talentua sortzeko eta parte-hartzaileak preparetako. Zubizarretagaz batera, Charles Pinto, Javier Corral eta Mikel Díez irakasleak izan dira ikasleen gidari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!