Altzoko Handiaren bila dabil Aranzadi

Bizkaie! 2020-08-13 08:12   Pil-pilean

Altzo Azpiko hilerrian ei dagoz haren hazurrak, baina ez da guztiz ziurra.

Aranzadi Zientzia Alkarteko kideak Altzon lanean hasi dira, Migel Joakin Eleizegi Ateaga, Altzoko Handia, bertako hilerrian ete dagoan jakiteko. Berez, heriotza-ziurtagiriak dino Altzo Azpiko San Salbador eleizako hilerrian emon eutsela lur, eta datu hori jo da zuzentzat beti. Dana dala, zurrumurrua be beti ibili izan da ahoz aho, baten batek hazurrak ostu zituala. Horregaitik, zalantzea behin betiko argituko dau Aranzadik.

Altzoko Udalaren (Gipuzkoa) eta Aranzadiren arteko alkarlanari esker hasi ditue indusketak hilerrian, Paco Etxeberria mediku forenseak gainbegiratutako talde baten eskutik. Zeregina argi eta garbi dago: Altzoko Handia lurperatuta dagoan lekuan hazurrik dagoan begiratu, eta egon ezkero, harenak dirala baieztau.

Migel Joakin Eleizegi 1818an jaio zan Altzon. Gaztetan emon eutsen Altzoko Handia ezizena, ohi baino handiagoa zalako. Hazi eta hazi segidu eban, 2,40 metro altu izatera heldu arte. Haren ezohiko tamainuak hemengo eta urruneko jentea harritu eban: Europa guztitik ibili zan Eleizegi, eta jenteak pagau egiten eban bera ikusteko. Bizimodu horregaz gogaituta, jaioterrira bueltan, 1861ean hil zan.

Altzoko Handiaren memoria ez da amatau haren heriotzatik mende eta erdira, herritarrek kontu ugari dakiez eta herriko eleizako horman oraindino koskak dagoz, Eleizegiren altuerea, besoen zabalerea... neurtzen zituenekoak. Azken urteotan, batez be 2017an Handia filma estreinau zanetik, Altzoko Handiaren figurea barriro ibili da publiko zabalaren ahotan, eta haren mitoa, Altzo eta inguruak zeharkatu eta Euskal Herri osora zabaldu da.

Hain zuzen be, Handia filmaren amaierako eszena baten agertzen da Eleizegiren hazurrak ostu zituenekoa. Film horrek eta urteotan argitaratutako liburu batzuek lagundu dabe zalantzea handitzen. Horregaitik, orain Aranzadik ziurtatu egin nahi dau Altzoko Handiaren gorpuzkiak jagoken lekuan dagozala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu