Azkuna Zentroari Covid-19aren kontrako praktika egokien ziurtagiria emon deutse

Bizkaie! 2020-08-11 08:45   Kulturea

Global Safe Site sariak hiru eremu aztertzen ditu: personak, prozesuak eta instalazinoak.

Bureau Veritas enpreseak bultzatzen dauen Global Safe Site ziurtagiria eskuratzeko eskabidea egin eban Bilboko Azkuna Zentroak, eta, ebaluazino zorrotz baten ostean, izendapen hori emon deutse. Horrek esan nahi dau Azkuna Zentroa Covid-19ari aurre egiteko jardunbide egokien eredu dala eta osasun neurriak ondo beteten dituala.

Ziurtagiria emoteko ebaluazinoan hiru eremu aztertzen ditue: personak, prozesuak eta instalazinoak. Global Safe Site izendapena eskuratzeko, desinfektau eta garbitzeko protokoloen jarraipena, segurtasun-neurri egokiak abian jartea eta norbera eta antolamendua babesteko neurriak ezartea bermatuta izan behar dau establezimendu edo espazioak.

Bagilaren 1ean ekin eutsan barriro lanari Azkuna Zentroak, konfinamenduan itxita egon eta gero. Zentroaren berraktibazinoa modu sekuentzial eta mailakatuan egin dabe, espazio bakotxerako protokolo espezifikoak, edukiera egokituak eta ibilbide seguruak ezarriz, informazino-sistema argi eta irisgarriagaz batera. Egunero eta behin eta barriro espazio bakotxa garbitzeko eta desinfektetako protokoloak dagoz.

Parametro horreek guztiak aztertuta, Osasunaren Munduko Erakundeak ezarritako jarraibide guztiak beteten dirala ikusi dabe Bureau Veritaseko adituek, eta ziurtagiria emon deutse Azkuna Zentroari. Ganera, zentroko beharginek Covid-19aren prebentzinoari buruzko prestakuntzea eta kontzientziazinoa lantzeko formakuntzea jaso dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu