Arkeologia-zentroa zabaldu dau Aranzadik Amaiurren

Bizkaie! 2020-08-10 09:33   Kulturea

Gazteluari buruzko erakusketa iraunkorra eta bertan topautako aztarnak batu ditue.

Arkeologia-zentroko areto bat (argazkia: Aranzadi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Baztango bailaran, Amaiur herria ezaguna da gazteluagaitik eta XVI. mendean Nafarroako Erresumearen alde han antolatu eben erresistentziagaitik. Horren aurretik be, historia luzeko gotorlekua zan Amaiurkoa, azken urteotan egin diran indusketa arkeologikoek agirian itxi dabenez. Ondare hori guztia bisitariei erakusteko asmoz, arkeologia-zentroa ipini dau martxan Aranzadi Zientzia Alkarteak herriko kale nagusiko oinetxe baten.

Nafarroako historia eta Baztango bailarako ondarea ikertzeko Pello Esarte ikerlari eta historialariak egindako ibilbide luzea autortu dau Aranzadik museoaren inaugurazinoan. Ekitaldian izan dira, ganera, Baztango alkate Joseba Otondo; Amaiurko zinpeko alkate Joxe Urrutia; Gaztelu Elkarteko presidente Ainhoa Varela; Aranzadiko lehendakari Jokin Otamendi; eta Aranzadiko indusketetako arkeologo zuzendaria eta idazkari nagusia dan Juantxo Agirre-Mauleon.

150 metro koadroko azalerea hartzen dau arkeologia-zentro barriak oinetxeko beheko solairuan, horreetatik 115, erakusketarako. Gazteluaren historia luzearen inguruko informazinoa eta erakusketa museografiko iraunkorra topauko ditu bisitariak bertan, baita azken 15 urteotan Aranzadiko talde batek gazteluan egindako indusketa-lanetan berreskuratutako material arkeologikoak be.

Baztango aisialdi kulturaleko erreferentzietako bat eta Amaiur uribildura edo gazteluko aztarnetara egindako bisitaldia osotzeko ezinbesteko elementua izango da zentro barria, bultzatzaileen arabera. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara dago zabalik.

Amaiurko gazteluaren inguruko lehen aitamenak XII. mendekoak dira. Erakusketa iraunkorrean Erdi Aroko eraikina zelakoa zan ikusi geinke: torre nagusia, ur-tangea, bost torredun lehen harresiak inguratuta, eta torre biko bigarren harresia azkenik. Aztarna metalikoak be badagoz ikusgai: gezien eta balezten puntak, soldaduen jantzietako apaingarriak, ontzien zati zeramikoak eta egurrezko egituretako untzen hondarrak, adibidez.

1512tik 1522ra, Nafarroako konkistearen sasoian, gaztelua nabarmen handitu eta indartu eben. Orduko burruketatik berreskuratutako jaurtigaiak (14 kiloko burdinazko bola handiak), Amaiurko ezpatea dalakoa... dagoz museoaren atal horretan.

Azkenik, arkeologia-zentroaren hirugarren atal nagusia memoriari eskaini deutse. Atal horretan, gazteluaren 1522ko setioa eta barrukoen erresistentzia menderik mende zelan kontau izan dan jaso dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu