Azkuna Zentroa eta Elias Kerejeta eskolea lankidetzan

Bizkaie! 2020-08-07 13:02   Kulturea

Zinema eskolako ikasleek praktikak egin ahal izango ditue Bilbon.

Bilboko Azkuna Zentroa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Azkuna Zentroak eta Donostiako Elias Querejeta Zine Eskoleak (EQZE) lankidetzarako hitzarmena sinatu dabe, zentro bien arteko alkarlanean sakontzeko. Beste onura batzuen artean, zinema eskolako ikasleek curriculumetik kanpoko prestakuntza-praktikak egin ahal izango ditue Azkuna Zentroan.

Zinemagintzearen orainaren, iraganaren eta etorkizunaren inguruko pentsamendu, ikerketa, praktika esperimental eta barrikuntza pedagogikoak lantzen dituan nazinoarteko zentroa da EQZE. Berez, izaera publikokoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez sortua, Euskadiko Filmategiaren, Donostiako Zinemaldiaren eta Tabakaleraren lankidetzeari esker.

Era berean, hitzarmenaren bidez, Lester Álvarez artista kubatarrak hilabeteko egonaldia egingo dau Azkuna Zentroan, artxiboaren kudeaketan laguntzen. Holan biribilduko dau zinematografia eta ikus-entzunezko babesari buruzko bere prestakuntza-masterra,  EQZEn egin dauena. 2018an be beste egonaldi bat egin eban Álvarezek Azkuna Zentroan.

Álvarezek kultur kudeaketan dauen esperientzia eta artxiboaren eta sorkuntza garaikidearen esparruan dauen ibilbide profesionala kontuan hartuta, praktika akademikoak egiteko hautagai aproposa begitandu jake Azkuna Zentroko arduradunei. Ganera, zentroko Mediateka orain dala gitxi eraldatu dabe, eta, horren ondorioz, zerbitzu tradizionalen liburutegi izatetik liburutegi garaikide izatera pasau da, publiko, formatu, erabilera eta jarduera barrietara zabalik.

Hain zuzen be, artxiboa da Mediateka barriko gune nabarmenenetako bat. Agiriak gordeteko ez eze, ikerkuntzea bultzatzeko asmoa be badau. Bilduma bibliografikoa sei alor estrategikotan antolatuko dabe: arte garaikidea, arte biziak, zinemea eta ikus-entzunezkoak, gizartea, kultura digitalak eta literaturea.

Lester Álvarez (Camagüey, Kuba, 1984) Amphitryon/Artista x Artista egoitza artistikoen programearen eskutik heldu zan lehenengoz Azkuna Zentrora, 2018an. Joan dan neguan, bestetik, Jose Ramon Ais artista bilbotarragaz batera La noche en Cuba eta Viaje del inquisidor Alonso de Salazar erakusketak antolatu zituan bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu