Pandemian genero-ikuspegia kontuan hartzeko jarraibideak atera ditu Emakundek

Bizkaie! 2020-08-06 12:02   Pil-pilean

Pandemiak emakumeei eta gizonei desbardin eragiten deutsela onartzea funtsezkoa dala dino.

Izaskun Landaida txostena eskuetan dauela (argazkia: Emakunde) | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19ak gizonakan eta emakumeakan dauen eragin desbardina hobeto ulertzeko giltzarriak eta pandemiari genero-ikuspegiz erantzuteko aholkuak batu ditu Emakundek Berdintasuna pandemia garaian. Covid 19aren eragina genero ikuspegitik txostenean. Era guztietako eragile sozioekonomikoentzat aproposa da edukia.

Txosteneko jarraibideek ziurtatu egin nahi dabe epe labur, ertain eta luzean hartuko diran neurriak ahalik eta eraginkorrenak izango dirala, emakume zein gizonentzat, eta inor ez dala atzean geratuko. Emakundek eta euskal erakunde publikoek pandemiaren lehen asteetan hasitako lanaren segidea da txosten hau. Orduko haretan, osasun-preminei erantzunez, emakumeen kontrako indarkeria matxista kasuetarako arreta-zerbitzuen funtzionamendua bermatzen ahalegindu ziran, eta beste eremu batzuetan be neurriak hartu zituen.

Emakundek orain dakarren txostenak analisia egiten dau, genero-ikuspegia kontuan hartuta, pandemiak emakumeakan eta gizonakan zelan eta zergaitik eragiten dauen hobeto ulertzen laguntzeko, gaixotasunaren prebalentzia hutsetik harago: enpleguan, gizarte-bazterkerian, ondoizate emozionalean, familia-harremanetan, zaintzan...

Txostenak hainbat atal ditu, aitatutako alorren arabera antolatuta. Ganera, hainbat gomendio dakarz, gizartearen eremu guztietan inplikautako eragile sozioekonomikoek jarraitu beharreko bidea adierazoteko.

Txostenak, adibidez, agirian ixten dau zaintzearen arloan re-familiarizazinoa dalakoa jazo dala pandemiaren erruz, eta horrek eragin asimetrikoa izan dauela, batez be emakumeentzat kaltea ekarri dauelako. Lan arloan antzera, sektore feminizaduek (erizainek, erizaintzako laguntzaileek, garbitzaileek, zaintzaileek, adinekoen egoitzetako beharginek edo administrazino laguntzaileek) ohi baino modu gogorragoan egin behar izan dabe lan, arrisku psikosozial handiagoei aurre eginez, eta, aldi berean, euren etxeetan ordaindu bako zereginen pisua handituta.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren esanetan, pandemiak eta haren inpaktuek emakumeei eta gizonei desbardin eragiten deutsela onartzea funtsezkoa da erantzun eraginkorra bermatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu