Zurrumurruen kontrako kanpainea martxan

Bizkaie! 2020-08-06 09:23   Pil-pilean

Quan Zhou Wu ekintzaileak egindako marrazkia da oinarria.

Quan Zhou Wuk egindako karteletako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Hainbat udalek kanpainea hasi dabe egunotan, etorkinen inguruan agertu leitekezan aurreretxi, estereotipo eta zurrumurruen inguruko kontzientzia zabaltzeko. Bilbo, Gasteiz, Getxo, Leioa eta Basauriko Zurrumurrurik Ez sareak dabiz kanpainea egiten, bakotxa bere udalerrian.

Udako girora egokitutako marrazki eta mezuen bidezko kanpainea da honako hau, Quan Zhou Wu ekintzaile eta sortzailearen diseinuetan oinarrituta. Umorea eta ironia erabili ditu kultura aniztasunaz, aurreretxiez eta estereotipoez berba egiteko. Uste okerrei aurre egiteko eta bizikidetzea bultzatzeko estrategiak agiri dira kanpainako marrazki eta komikietan.

Getxoko leku publikoetan ikusi ahal izango dira marrazkiok, irailaren hasierara arte, baita sare sozialetan be. Bilboren kasuan, euskarri digitalak baino ez ditue erabiliko. Uriburuko zinegotzi Itziar Urtasunen arabera, material fresko, udatiar eta hurreko baten bidez emongo ditue ezagutzera zurrumurruen kontrako agenteen lanaren funtsezko alderdiak, bazterkeriari aurre egiteko eta kulturen arteko bizikidetzea sustatzeko.

Hain zuzen be, Bilboko Udalak 2013tik hartzen dau parte atzerritarren ganeko estereotipo negatiboei aurre egiteko proiektuan, Herritarren eta Aniztasunaren II. Planaren barruan. Zurrumurruen kontrako estrategia gizartea aldatzeko prozesua da, epe luzekoa. Asmoa da bazterketea prebenidu, alkarbizitzea hobetu eta aniztasunaren potentziala aprobetxetea.

Gaur egun, 300 agente baino gehiago dabiz urian zurrumurruen kontrako estrategia bideratzen, Begoñan, Deustun, Errekalden, Basurtun eta Uribarrin. Auzoagaz eta uriagaz konpromisoa daben personak dira, aniztasunaren aldeko jarrera eta pertzepzino positiboagoak eta integratzaileagoak eragin nahi dituenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu