Balearen begiaren argazkia saritu dabe Amerikan

Bizkaie! 2020-08-05 13:32   Pil-pilean

EHUko Elena Vecinoren eta Luis Lópezen irudiak sari ugari eskuratu ditu.

'Balea-erretinaren ostadarra' (argazkia: Elena Vecino Cordero eta Luis López Vecino. EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Alderdi zientifikotik balio handikoa izateaz gan, artistikoa eta ikusgarria be bada Balea-erretinaren ostadarra izeneko argazkia. Sopelako hondartzan hildako balea bat agertu zanean, aditu talde batek animaliaren begietako bat laborategira eroan eban, baleen ikusmenaren inguruko azterlan sakona egiteko asmoz. Prozesu horretan ateratako argazki mikroskopiko koloretsua da Balea-erretinaren ostadarra, Elena Vecino Cordero EHUko katedradunak eta Luis López Vecinok egina.

Berez, EHUk antolatutako Balearen begia erakusketarako egin eben argazkia. Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Zelula Biologia eta Histologiako katedraduna da Elena Vecino, eta zera azaldu dau: Argazkiak nerbio sistemearen eta erretinearen edertasuna azaltzen dau, eta zelulearen antolamendua, tamainua eta proportzionaltasuna nerbio sisteman manteniduten dirala erakusten dau, baita planetako ugaztunik handienean be.

Kontua da ze, argazki hori sariak batu eta batu dabilela azkenaldion. Egunotan, Scientific American aldizkari ospetsuaren Editorearen aukerea ohorezko aitamena emon deutse, Art of Neuroscience Contest izeneko lehiaketearen 10. edizinoan. Lehiaketa hori Neerlandar Neurozientziarako Institutuak (NIN) antolatzen dau, neurozientzia eta ikusizko arteak buztartzeko asmoz.

Scientific American aldizkariak emondako sariaren aurretik, 2020ko NeuroArt lehiaketako irudien kategoriako lehenengo postua eskuratu eban argazki honek. SENC, Espainiako Neurozientzia Alkarteak antolatuta, nerbio sistemeagaz lotutako irudi eta bideo artistikoen urteroko sariketea da hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu