Bidebarrieta Kulturgunea asteon bueltauko da
2020-08-05 10:40 KultureaTravesía de Bilbao dokumentala eta Mikel Urdangarinen kontzertua dira lehenengo hitzorduak.
Kulturea zabaltzeko betiko helburuari eutsita, Bidebarrieta Kulturgunea barriro hasiko da martxan asteon, osasun protokoloak zorrotz beteta. Dagoeneko prest ditue lehenengo hitzordu biak, ikus-entzunezkoei eta musikeari lotuak, Bilboko Bidebarrieta liburutegiko aretora herritarrak erakarteko asmoz, Covid-19ak eragindako etenaren ostean.
Lehenengo saioa eguenean, abuztuaren 6an, izango da, 19:00etan. Travesía de Bilbao filma proiektauko dabe, José Fernández de la Sota idazle bilbotarraren izen bereko liburuan oinarritutako dokumentala. 2011n Espainiako Poesia Saria irabazi eban de la Sotak liburu horri esker.
Dokumentala 2014koa da, eta José Fernández de la Sotak berak sortu eban, Jon Bañuelosegaz batera. Julio Cortázarri gorazarre egiten deutso ikus-entzunezkoan. Era berean, poesiazko ibilbidea da dokumentala, Bilboko kale, paisaje etxekoi, kirol-ekitaldi gogoangarri eta industriazko eta literaturazko gomutetan oinarritua.
Barikuan, hilak 7, musikeak hartuko dau Bidebarrieta, 19:00etan. Mikel Urdangarin abeslari eta musikari zornotzarrak kontzertua emongo dau, Rafa Rueda eta Ander Hurtado de Saracho alboan dituala, bere ibilbide luzeko pieza esanguratsuenen bildumea eginaz.
Kontzerturako sarrerak bost euroan dagoz salgai hemen. Ganera, sarrera batzuk gorde ditue antolatzaileek, kontzertuaren egunean lekuan bertan saltzeko (17:00etan zabalduko dabe txarteldegia).
Egueneko dokumentala, ostera, doban ikusi ahal izango da, webguneren bidez gonbidapenak eskuratuta. Kontuan izan behar da aforoa mugatuta egongo dala ekitaldi bietan, eta, beraz, sarreren kopurua be ez dala beste batzuetan bestekoa izango. Ganera, osasuna babesteko neurri gehiago be ipiniko ditue; esate baterako, maskarea momentu guztietan jantzita eroatea derrigorrezkoa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!