Gaztelugatxe nasaiago dabil aurten

Bizkaie! 2020-08-05 08:24   Pil-pilean

Bisitari gitxiago joan dira aurreko urteen aldean, pandemia dala eta.

Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputadu Elena Unzuetak jakitera emon dauenez, 21.528 bisitari hartu ditu Gaztelugatxek aurtengo garagarrilean. Jente asko dan arren, jatsiera nabarmena egon da aurreko urteetako epe beragaz konparauta. Arrazoi nagusia da Gaztelugatxen sartzea mugatuago dagoala orain, Covid-19ari aurre egiteko jente-piloketarik ez daiten egon.

Beraz, esan leiteke Gaztelugatxe nasaiago dagoala aurten, Covid-19aren ondoriozko murrizketakaitik. Halandabe, egunero-egunero makina bat bisitari hartzen ditu: Garagarrilaren 24a izan zan jente gehien joan zan eguna, 845. Ondoren datoz 17a (842) eta 9a (839). Bisitari gitxien hilaren 31n joan ziran (521).

Bisitarien ezaugarriak be aldatu ditu pandemiak. Azken neurketearen arabera, Gaztelugatxera joandakoen % 90 Espainiakoak dira (Hego Euskal Herria barne). Aurreko urteetan, % 70aren bueltan ebilen proportzinoa.

Ingurune natural eta historikoa babesteko asmoz, eta gero eta bisitari gehiago joaten zirala ikusirik, Bizkaiko Foru Aldundia Gaztelugatxeko sarbidea mugatzen hasi zan orain dala urte gitxi. Aurten, Covid-19ak eragindako beste murrizketa batzuk be sartu dira indarrean. Horrenbestez, Gaztelugatxera joan nahi dauenak erreserbea egin behar dau aurretik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu