Maskarea erabiltearen aldeko kanpainea dakar Gazteriaren Kontseiluak

Bizkaie! 2020-08-04 10:56   Pil-pilean

Sare sozialetan eta komunikabideetan bideoak zabaltzen hasi da.

Covid-19aren hedapenari aurre egiteko maskarea jaztea ze garrantzitsua dan gomutau eragiteko eta kontzientziazinoa zabaltzeko, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak kanpainea jarri dau martxan. Helburua gazteakana heltzea da, eta kolektibo horren beharretara egokitu ditue kanpainako bideoak.

Gazte garen aldetik, konfinamenduan erakutsi genduan konpromiso sozialari eutsi behar deutsagu, adierazo dau Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Maialen Olabek. Maskarea jaztea ez eze, higienea eta urruntze soziala be aitatzen dira kanpainan.

Sare sozialetan, telebistan eta komunikabideen webguneetan agertuko dira bideoak abuztuan. 20 eta 40 segunduko bideo bi dira, animazinoz eginak, #maskarabeti traola oinarri, eta kirolagaz konparazinoak eginez emoten da mezua. Euskerazko eta gaztelaniazko bersinoak egin ditue, kasu bietan gazteen hizkerea erabilita.

Gorka Vazquez ilustratzaileak sortutako animazinozko irudietan, eguneroko bizitzako hainbat egoera agertzen dira, eta pandemiari aurre egiteko lanean dabizan gazteak be bai: Hirugarren sektore sozialeko boluntarioa, ertzaina, supermerkatuko apal-betetzailea eta Osakidetzako profesional bi. Kontrasterako, eredugarriak ez diran jokabideak be erakusten ditue bideoek.

Aurtengo udan garrantzitsuena burua erabiltzea eta gure gizarte-konpromisoa agertzen jarraitzea dala kontau nahi dogu, azaldu dau Maialen Olabek. Gure ustez, gure sen ona erakusteko garaia da 2020ko udea. Beharrezkoak ez diran arriskuak hartzea atzerapausoa da, bai zeuretzat, bai zeure inguruko guztientzat be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu