Bisitariak erakarteko webgunea Barakaldon

Bizkaie! 2020-08-04 08:44   Pil-pilean

Ibilbideak, agendea, gune turistikoak, merkataritzea, ostalaritzea... askotariko informazinoa dakar.

Munoa finkea (argazkia: Barakaldoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz martxan jarritako Turismo Planak dinoanari kasu eginaz, Barakaldoko Udalak turismoa bultzatzeko eta bisitariak erakarteko webgune barria ipini dau martxan egunotan, Visit Barakaldo izenekoa. Uriaren inguruko informazino interesgarri guztia gune bakarrean batu eta Barakaldora joateko asmoa dabenei zerbitzu eraginkorra emotea dira helburuak.

Tresna honen bidez Barakaldo mapa turistikoan kokatu nahi dabe, webgunea aurkezteko ekitaldian Udaleko ordezkariek adierazo dabenez: Ondare historiko eta industriala, turismo kulturala eta Done Jakue bidea erakutsiz, baita BECen egiten diran goi-mailako ekitaldiak eta naturea ezagutzera emonez be.

Webguneko informazinoa hainbat ataletan banatuta dago. Lehenik eta behin, uriari, historiari, kultureari, kale-izendegiari, zenbaki interesgarriei eta lo egiteko lekuei buruzko informazinoa agiri da. Urian zer egin leiteken jakiteko aholkuak emoten dituan atala be badago. Erabiltzaileek ekitaldien agendea, ikastaroak eta tailerrak, ibilbide gidatuak, gastronomia eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Bilbao Bizkaia Erreserba plataforma barrirako loturea topauko ditue atal horretan.

Bisitak egiteko leku interesgarrien artean, Visit Barakaldo webguneak proposamen ugari egiten ditu: Munoa finka, BEC, Ramon Rubial lorategi botanikoa, CIHMA Luis Choya Almaraz... Ibilbideei jagokenez, Errekatxo eta Gurutzeta auzoetakoa, San Bizente eleizearen ingurukoa, Itsasadarraren ertzekoa eta beste asko agiri dira.

Azkenik, webguneak memoria historikoaren inguruko atal bat dauka. Iraganeko jazoerak berreskuratu eta aztertzeko azkenaldion egin diran ekimen guztien barri jaso dabe hor, esate baterako, Gerra Zibila eta horren osteko urteak bizi izan zituenen lekukotzen bildumea.

Aurten, bertoko turismoaren aldeko apustua egiten gabizan honetan, herritarrak animau nahi dodaz webgunean sartu eta gure uria bisitetako plana egitera. Ziur nago harritu egingo dituala, adierazo dau Gorka Zubiaurre zinegotziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu