Lau proiektu artistiko aukeratu ditue 2020ko Bertatik Bertaran

Bizkaie! 2020-07-29 13:06   Kulturea

Bilbo eta Santander urien arteko lankidetza kulturala bultzatzen dau programeak.

Pandemiari aurre eginaz, Santanderko eta Bilboko udalek barriro egin dabe bat aurten Bertatik Bertara programea martxan jarteko. Uri biotan lan egiten daben artista eta sortzaileen arteko alkarlana bultzatzen dabe horren bidez. Garagarrilaren 21ean egindako batzar telematikoan aztertu zituen 2020ko edizinora aurkeztutako proposamenak, eta lau proiektu artistiko aukeratu.

Bilboko Udaleko eta Santander Creación Fundazinoko ordezkariak egon dira epaimaian. Irabazleak aukeratzeko honako erispideak erabili ditue: proiektuaren kalidadea, interesa, bideragarritasuna eta barrikuntzea; uri bietako profesionalen arteko sareak sortzea; proiektua uri bietan egitea; ikusle kopurua; eta finantziazino osogarriaren ekarpena.

Irabazleetako bakotxari 10.000 euro emongo deutsez antolatzaileek, aurkeztutako proiektua gauzatu deien. Era horretara, sortzaileei babesa emoteaz gan, Santander eta Bilboren arteko lotura kulturala sendotzen da. Izan be, baldintza nagusia da proiektu bakotxean uri bietako eragileek parte hartzea, alkarlanean.

Irabazleetako bat Iparraldeko haizeak izeneko proiektu musikala da, Coro Joven de Santander abesbatzeak eta Behotsik orkestreak aurkeztua. Musikearen bidez, industria iraultzea ezagutzera emongo dau Iparraldeko haizeak ikuskizunak, antzerki musikala, zartzuelea eta folklorea buztartuta. Uri bakotxean kontzertu bi egingo ditue, eta bezperan mahai-inguruak antolatu.

Disziplina artistiko ugariren arteko loturea jorratuko dau beste irabazleetako batek, Cantabria@Europa eta RMO alkarteek aurkeztutako Entre huertas y hierro de colores dalakoak. Bilbo Zaharra, San Frantzisko (Bilbo) eta Entrehuertas (Santander) auzoetan hainbat ibilbide antolatuko ditue.

Hirugarren irabazlea Cabotaje, formas de navegación izenekoa da, Fluent eta Gatzipeko kultur alkarteek aurkeztua. Proiektuak Kantauri Itsasoko ondarea lotu nahi dau, industria osteko paisaje bateko gizartea, ekonomia eta politika-balioak aztertuz. Hile birik behingo hitzordu kulturalak portu, lonja, itsasontzi, kai eta antzekoetara eroango ditue.

Azkenik, artista bik (Santanderko Juan Saizek eta Bilboko Jon Urrutiak) aurkeztutako Cuarteto Santander/Bilbao da laugarren irabazlea. Txirula eta saxorako, pianorako, kontrabaxurako eta bateriarako konposizinoa sortuko dabe, eta lau kontzertu jo uri bakotxean.

Proiektu irabazleen artekoren bat ezin izango balitz gauzatu, erreserbako beste batzuk aukeratu ditue Bertatik Bertarako arduradunek. Alde batetik, Juan Lopezen (Santander) eta Juan Pablo Orduñez-Mawatresen (Bilbo) Antes del puente hay una señal; bestetik, ACAI alkartearen eta SC Galleryren Cancha.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu