Endesa Emakumeen Ligako Superkopea Bilbao Arenan jokatuko da
2020-07-29 09:06 KirolaSuperkopea irailaren 12an eta 13an jokatuko da Bilbon.
Emakumeen Endesa Ligako Superkopeak (2020/21) formatu barria dakar: lau talde, lehiaketa egun bi eta Bilbao Arena pabilioi entzutetsua.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu dauenez, Bilbao Arenan maila goreneko kirol-lehiaketa hau egitea aukera parebakoa da uriko jarduera ekonomikorako, turismo eta ostalaritza sektoreetarako. Alkatea pozik agertu da Bilbo Superkopearen egoitza izateko aukeratzeak erakusten dau uri erakargarria izaten jarraitzen dauela, ekitaldi handiak antolatzeko beharrezkoak diran zerbitzu guztiak dituana eta horretarako prest dagoana. Juan Mari Aburtok gogorarazo dau Bilboko Udalak emakumeen kirola bultzatzeko eta sustatzeko apustu sendoa egin dauela, ezbardintasunak ezabatu eta gizarte esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna sustatzeko gakoetako bat dalako.
Parte-hartzaileak Perfumerias Avenida (Erreginaren Kopako txapelduna), Spar Girona, Valencia BC eta Lointek Gernika Bizkaia (igazko 2., 3. eta 4. sailkatuak) izango dira. Denporaldiko lehenengo titulua egongo da jokoan, finalaurrekoetan eta finaletan jokatuko dana.
Jon Redondo Lertxundi Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak adierazo dauenez, irailaren 12an eta 13an Endesa Emakumeen Ligako Superkopea Bilbon egitea pozgarria da, emakumeen kirola suspertzen dalako; era berean, antolaketa-gaitasun bikaina eta aukera ezin hobea da euskal kirolarentzat. Redondok azpimarratu dauenez, holako ekitaldiek eragin zuzena dabe saskibaloiaren praktikearen hazkundean, oro har, eta emakumeen praktikearen hazkundean, batez be. Horregaitik guztiagaitik, aldez aurretik nire zorion-agurra helarazo nahi deutset antolatzaileei, pandemiaren ondorioz partaideentzat eta jarraitzaileentzat zailtasunak egon arren, ekitaldi hau kirol-jai ikusgarria izango dalako.
Lorea Bilbao Ibarra, Euskera, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak esan dauenez, Bizkaia aukeratu dabe Endesa Emakumeen Liga eta Emakumeen Saskibaloi Superkopearen lehenengo edizinoa ospatzeko, gure lurraldeak kirol maila goreneko ekitaldien egoitza izateko dauen ahalmena autortuz. Hau posible izateko Bizkaiko kirol sistemea osotzen daben kirolariek, alkarteek, klubek, federazinoek eta udalek egunero erakusten daben konpromiso eta profesionaltasuna ezinbestekoa da. Gainera kalidadeko kirolaz gozetako aukera bikaina izango dogu, Bizkaia Lointek Gernika pas adan Ligako talde onenen kontrako norgehiagokaz gozetako aukerea izango dogu, segurutik pizgarri garrantzitsua izango da edade guztietako herritarrak kirola egiten hasi daitezan.
Germán Monge Euskadiko Saskibaloi Federazinoko presidenteak adierazo dauenez, Euskadira saskibaloiko ekitaldi handiak ekarteko konpromisoa hartu dagu, gure kirola sustatzeko, eta zer hoberik ziurbakotasunez betea baina ilusino handikoa izango dan denporaldiaren atarian eliteko saskibaloia eta emakumeak batzea baino. Erakutsi dogu federazinoen eta erakundeen arteko talde-lanari esker egoerarik gogorrenak be gainditu daitekezala. Bilbo saskibaloiaren erdigune izango da atzera bere.
Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazinoko presidentearen ustez, Bizkaian zaletasun handia dago eta azken hamarkadan eliteko emakumezkoen saskibaloia indartsu dabil, Lointek Gernika Bizkaia buruan dala eta GDKO Ibaizabal eta HGB Ausarta Barakaldo lako finkatutako proiektuakaz. Mendiak adierazo dau: Endesa ELko lau talde onenakaz SuperKopea Bilbora eta Bizkaira ekartea mugarri bat da eta saskibaloiari bultzada handiagoa emoten deutso gure lurraldean. Eta hori guztia lurraldeetako eta EAEko erakundeen eta federazinoen lankidetzeari esker eta ESFk Bilbo egoitza izateko izan dauen konfidantzeari esker.
Pandemiak kirol eten ondoren, txapelketea bueltetea antolatzaileen, taldeen, Espainiako eta erkidegoetako federazinoen, jokalarien, arbitroen eta Superkopa barriaren lehen edizinoan parte hartuko daben teknikari eta zerbitzuetako langile guztien garaipen kolektiboa izango da.
Prebentzino-protokoloak errespetau eta osasun-agintariek ezartzen dituen arauak bete beharko ditu jenteak, betibe parte-hartzaileen eta zaleen segurtasuna lehenetsiz. Esangura horretan, sarrerak noiz eta zelan salduko diran aurrerago iragarriko da.
Spar Gironak aurreko denporaldian Kataluniako urian irabazitako titulua defendiduko dau, Perfumerias Avenida jaun eta jabe da Superkopan, zortzi titulu irabazita. Valentzia BC eta Lointek Gernika Bizkaia taldeek lehen aldiz parte hartuko dabe txapelketan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!