'Kirmen Uribe: Bizitzea, Fikzinoa'

Bizkaie! 2020-07-28 09:40   Kulturea

Ondarroarraren lanaren inguruan hamaika ikerlarik eginiko azterketak batu ditue.





Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputaduak; Pío Pérez, Mikel Laboa Katedrako kideak; Mari Jose Olaziregi Alustiza & Amaia Elizalde Estenaga editoreak eta Kirmen Uribe idazleak hartu dabe parte Euskalduna Jauregian izan dan Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa liburuaren aurkezpenean. Kirmen Uriberen lanari buruzko azterketa kritikoak batzen dituan lehenengo liburu kolektiboa honen babesle eta sustatzaileak, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibersidadeko Euskera Errektoreordetza eta Laboa Katedrea dira.

Editoreek azpimarratu dabenez, liburu hau Uribezale guztientzako irakurketa gonbitea da eta Kirmenen sorlekuari bezela, kresala usaina dario. Uribek berak, Ondarruko marinel eta arrantzaleen antzera, maite ditu joan-etorriak eta bidaiak etenbarik dagoz presente bere obran, liburuko lan batek aztertzen dauen bezela. Etxetik urrundu, etxera itzultzeko. Kaleidoskopio baten antzera.

Uriberen unibersoaren arpegi anitzak agertzen jakuz liburuaren 11 artikuluetan, horreetatik 7 ikerlari euskaldunek egindakoak eta beste 4 ikerlari espainiar nahiz amerikarrek idatzitakoak. Honakoak dira egile euskaldunak: Hasier Arraiz, Leyre Arrieta, Estibalitz Ezkerra, Miren Ibarluzea, Jon Kortazar, Mari Jose Olaziregi, eta Lourdes Otaegi;, espainiar eta amerikarrak, barriz, José Martínez Rubio (Jaume I Unibersidadea), María Jesús Nafría (U. Complutense), Luis Martín Estudillo (U. of Iowa) eta Sally Perret (Salisbury University). Eta, zelan ez, Kirmen Uriberen berbak be agertzen dira liburuan, izan be, idazle ondarrutarrak idatzitako Desobedientzia gidaliburua izeneko artikuluagaz hasten da liburua; bertan, desobedientzia-sortzailearen aldeko aldarria dakar Kirmenek eta askatasuna goresten dau sorkuntzeari arnas emoten deutsen elementu nagusi legez askatasuna, literatura eta beronen arauak, tradizinoa, apurtuz barrikuntzak eragiteko. Barritzailea eta forma barrien esploratzailetzat dau bere burua Kirmenek eta euskal literatureak munduari egin leikion ekarpenean sinisten dau. Uribek idatzitako testua dago hasieran eta bere ostean, Olaziregik eta Elizaldek sinatutako hitzaurrea dator, liburuaren edukiak laburtu eta ekarpen nagusiak iruzkinduz. Holan, liburuan datorren lehenengo egileak, Hasier Arraizek, Uriberen hiru eleberrien oinarrian dagoan helburu eta poetikea jorratzen ditu, Uriberen estetika posmodernisteak erlatibismoari gaitzesteko dauen gaitasun literarioaz.

Leyre Arrieta historialariak, barriz, Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren testuinguru historikoa azaltzen dau, Jose Antonio Agirre lehendakaria gidari izan eban Eusko Jaurlaritzako politika kulturalaren analisia ardatz hartuta.

Estibalitz Ezkerra University of Califoniat, Santa Barbarako irakasleak Bitartean heldu eskutik (2001) poema liburua aztertzen dau gorputza, afektua, eta keinua zelan lantzen diran azalduz.

Miren Ibalurzeak Kirmen Uriberen lanen itzulpenak ditu aztergai, ikuspuntu soziologikotik.

Jon Kortazarrek, barriz, Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren idazkeran internetek izan dauen eraginaz ohartarazo gaitu. Liburuko hiru artikuluk, Martínez Rubio, Nafría eta Olaziregik sinatutakoek, Uriberen lanak eta bere eleberriek, memoria historikoa berreskuratzea zelan egiten daben dakarre eta helburu etiko nabarmeneko narratiba lanak dirala azpimarratu dabe, euskal eta europar oroimen kolektiboari ekarpen interesgarria eginez. Uriberen obra guztian giltzarri aen gaietako bati, desplazamenduaren gaiari, heltzen deutso Iowako Unibersidadeko irakasle Luis Martin Estudillok, joan-etorrien dimensino etiko eta historikoa nabarmenduz.

Lourdes Otaegik formatu txikiko lanak zein ikuskizun multimediak azterti ditu.

Azken buruan, Sally Perretek Uriberen lanetako mundu ikuskera bakezaleaz ohartarazo gaitu, gizadian fedea galdu ez dauen ikuspuntu baikorraz.

Liburu erakargarria, Uriberen uniberso literarioan egindako irakurketak eskaintzen dituana eta laster gaztelania nahiz ingelesera itzuliko dabena.

Liburuaren babesle eta sustatzaile, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibersidadeko Euskera Errektoreordetzea eta Laboa Katedrea dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu