Gaztelugatxe Babes Bereziko Kultura Ondare izateko prozesua martxan

Bizkaie! 2020-07-27 11:47   Kulturea

Ingurunearen konserbazinoan ezinbesteko pausua da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak jakitera emon dauenez, Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkariak argitaratu dau Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondasun izentetako prozesuari ekiteko erabagia, Paisaje Kulturala kategorian. Beraz, informazino publikoaren aldia hasi da, 20 egunekoa, alegazinoak aurkeztu ahal izateko.

Gaztelugatxeko inguruneari babes hori emoten jakonean, aurrerapausoa izango da autortzearen eta babesaren ikuspuntutik, bere balio historiko/arkitektonikoak zein paisajistikoak ‒materialak eta immaterialak‒ jagoteko, dekretuak jasoten dauenez: Lekua edertasun handiko ingurune baten zati da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdera badia, Gaztelugatxe eta Aketx ugarteak agiri dira, eta mendebaldera itsaslabarrak, Bakioko bistetan txertatzen diran hatxak. Gaztelugatxe kokagunearen berezitasuna arkitekturaren eta paisaia naturalaren arteko sinbiositik dator.

Gaztelugatxek, gaur egun be, ingurumenari lotutako babesa izan badau, Eusko Jaurlaritzearen 1998ko irailaren 15eko dekretuz babestutako biotopoa dalako. Babes Bereziko Kultura Ondasun izentauta, autortza hori zabaldu, eta ingunea babestea erraztuko da.

Prozesua martxan jarteko espedienteak Gaztelugatxeren balio paisajistiko, natural eta arkitektonikoak nabarmendu identifikau ditu. Esate baterako, ugartearen beraren formea aitatzekoa da, baita bertako hatxak eta landarak be. Profil deigarri horren goi-goian eregitako baseleizea be azpimarratzen dau espedienteak, baita bertara joateko zubibidea eta eskailerak be, arkitektura sinple baina eraginkorrari esker paisajean ederto txertatuta dagozalako.

Bestetik, Gaztelugatxeren ondare immaterialaren atalean be badago zer nabarmendu: Erromesaldi eta jaiak, fededunen opariak, Begoñako Ama Birjinaren ur azpiko irudia... Ezin da ahaztu, ganera, herritarrak, batez be Bermeokoak, belaunaldiz belaunaldi arduratu dirala ermitea eta inguruko eremua jagon eta konpontzeaz, modu boluntarioan.

Proposamenak gune bitan mugatzen dau Gaztelugatxeko San Juan. Lehenengo Gunean, ondare-balio handiena dauenean, honeek egongo dira: ugartea eta bertako espazio eta elementu eregiak, eta bertara heltzeko espazioak. Bigarren Gunearen kasuan, mugatu egiten dira handik hurreko beste elementu batzuk, besteak beste, Urizarretako zelaia eta ur azpiko Begoñako Ama Birjinearen erreprodukzinoa.

Ganera, Gaztelugatxen eta inguruetan dagozan elementu guztiak hiru moltsotan sailkatuko ditu izendapen barriak: batetik, babestu beharrekoak, euren interes natural, paisajistiko, arkitektoniko edo ohiturazkoagaitik; bigarrenik, berez babesik behar ez daben elementuak, aparteko interesik ez dabelako, baina horreetan interbentzinoak egiteko orduan kontuan izan beharko da inguruneari ezin deutsela kalte egin; hirugarrenik, Gaztelugatxeko moltso naturala degradetan daben elementuak, horreek aldatu edo erretirau egin beharko litzatekez.

Babes Bereziko Kultura Ondasun izendapena emoteko espedientearen barruan, Gaztelugatxeren historia oparoaren laburpen bat be sartu dau Eusko Jaurlaritzeak. Erdi Aroan gaztelua egon zala agertzen daben aztarnak, bizkaitarren eta gaztelarren arteko burrukak eta piraten erasoak aitatzen ditu txostenak. Horrezaz gan, tenplu erlijioso legez izan dituan gorabeherak be azaltzen dira, eta eraikinean egin diran barrikuntzak, batez be 1886koa eta 1980koa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu