Shopping Ibilbide Gidatuak Bilbon

Bizkaie! 2020-07-27 08:48   Pil-pilean

Ibilaldiak eguenero egingo dira, garagarriletik abendura. 

Bilboko denda enblematikoenen sekretuak eta bitxikeriak ezagutzeko aukerera dago barriro Shopping ibilbide gidatuen programeari esker. bilbaoDendak-ek antolatutako ekimena da hau, Bilboko merkataritza eta turismoa sustatzeko plataformea, Eusko Jaurlaritzearen babesagaz. Aurreko bi urteetan izandako erantzun bikainaren ondoren, denporaldi barri honek ez dau hutsik egingo.

2020ko ibilbide gidatuen aurkezpenean, tokiko merkataritzea laguntzen jarraitzea garrantzitsua dala nabarmendu dabe. Hurreko merkataritzeak aberastasuna eta enplegua sortzen ditu gure inguruan baina, orain, kate multinazional handiakaz eta on line salmentakaz lehiatu behar izateaz gan, koronabirusaren pandemian geldi egon diran hileak konpensau behar ditue.

Osasun-krisiak izan dau, hain zuzen be, tokiko merkataritzatik ibilbide gidatuen denporaldi barri hau zehazteko momentuan lehentasunezko garrantzia, izan be, bisita bakotxak edukiera mugatua izango dau eta aldez aurretik izena emoteko sistemea ezarri da: interesatuek posta elektroniko bat bialdu beharko dabe rutas@hemengoshopping.com helbidera edo 649 84 52 40 telefonora deitu, eta baieztapenak eskaera bakotxa heldu ahala egiaztatuko dira.

Gainera, bilbaoDendak-ek erabili eta botateko maskara ekologikoa emongo deutse parte-hartzaileei, kartoi birziklagarriz egina. Erabilera bakarreko babesa da, oihala baino atseginagoa arnasteko, arpegi bakotxaren formara egokitzea errazten dauen diseinuagaz eta betaurrekoak lausotzea ebitetan dauena. Eta lehengai naturalakaz egina (PEFC eta FSC ziurtagiriak dituen zur-zuntzak), bilbaoDendak-ek ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde egindako apustuagaz bat.

Bestalde, osasun prebentzino-neurriak dirala eta, bisitetara joateko kopurua mugatua danez, bilbaoDendak-ek ibilbide birtualak egiteko aukerea eskainiko dau aurten barrikuntza legez eta sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dira, Facebooken eta Instagramen. Horrezaz gan, mikrozuzenekoak be protagonista izango dira, saltokietako arduradunakaz alkarrizketak euren historia zuzenean kontau deien eta produktuak erakutsi, barritasunak edota denporaldi bakotxeko berezitasunak azaltzeko, besteak beste.

Garagarrilaren 27, lehenengo mikrozuzenekoa programau da, denporaldi osoan egingo diran guztien aurkezpena.

Barritasunak ez dira koronabirusaren kontrako prebentzino-neurrietara mugatuko: Hemengo Shopping 2020 ibilbideek erakargarri gehiago eskainiko deutsee Bilboko merkataritzearen historian eta ezaugarrietan sartu gura dabenei; barrikuntza horreek jarduera bitan izango dira: produktuak priobetako saioetan eta tailer praktikoetan.

Bilboko erreferentziazko saltoki askok irabazitako ospearen harian, horreek sakon ezagutzera hurreratzen diranak zenbait probaketa saio izango ditue: izozkiak, bermuta, eskuz egindako saltxitxak, ogi egin barria edo gaztaia, txokolate edo garagardao mueta desbardinak. Tailerrei jagokenez, ardao on baten usain eta ñabardurak bereizi nahi dituenetzat be zabalik egongo dira; halan da be, ez dira faltako dekorazinoari, erregaluak, apaintzeko trikimailuei edo gozogintzearen sekretuei buruzkoak be.

Denboraldia garagarrilaren 30ean hasiko da eta eguenero izango dira abendura arte, 18:00etatik aurrera.


Jarduerak

Caprak izozkiak probetako saioa eskainiko dau. Enpresa familiarrak Doña Casilda parkean dauen salmenta-puntuetako batean; Estraunza kalean Euro-Sport kirol dendeak 500 metro koadroko lokal ikusgarria erakutsiko dau; eta Rodríguez Arias kaleko Erlai lurrin-denda Kale Nagusian dagoan Le Bigott-ekin batu da, opari gastronomikoetan espezializautaa, lurringintza eta enologiako mundutik datozen usain gozoen tailerra eskaintzeko.

bilbaoDendak alkartearen proposamenak merkatariakaz zuzeneko hartu-emonak eta komertzioen dendaostera sartzea ahalbidetzen dau: janari-dendetan, moda eta osogarrietan, izozkitegietan, gourmet-elikaduran, etxe, arte eta kulturarako osogarrietan, besteak beste. Ikusleek Bilbo beste ikuspegi batetik disfrutetako aukerea izango dabe: jatorrizko lekuak, zehetasunak eta produktuak, eta bertoko establezimendu askoren bitxikeriak, sekretuak eta berezitasunak.

Hemengo Shopping ibilbideek bertoko merkataritzearen garrantzia azpimarratu nahi dabe eta aisialdirako alternatiba original bat eskaini. Inoiz erakusten ez dana ikusteko aukerea, baita uriaren sekretu eta pasadizoak be, gida turistikoetan oso gitxitan topetan diranak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu