Urriaren 2tik 11ra izango da Bilboko JA! Jaialdia
2020-07-24 13:28 KultureaPantomima Full eta John Lanchester eta Marta Sanz idazleak izango dira Bilbon.
Urte gorabeheratsua izan arren, Ja! Bilbao Jaialdiak urriaren 2tik 11ra egingo dau hamaikagarren edizinoa. Aurten, umorea eta iraunkortasuna izango dira gai nagusiak eta Noeren ontziaren bidez islatu nahi izan ditu Asier Sanzek; kartelean, Ja! ikus daiteke, kosta ala kosta, argiaren laguntzaz aurrerantz nabegetan.
Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdia Bilboko Sozietate Filarmonikoaren aretoan egingo da (Portuko Markesaren Kalea, 2). Entzunaretoak 900 jarleku ditu. Oraintsu barriztau dabe Fidel Iturriak 1904an eregitako aretoa, Europako zaharrenetako bat, eta horixe izango da egitarauaren barruan egingo diran berbaldi, alkarrizketa zein bestelakoen eszenatokia. Sartzea doban da eta hainbat protagonista izango dira bertan, horren artean Pantomima Full, John Lanchester eta Marta Sanz idazle ezagunak.
Capital eleberriaren egilea, John Lanchester idazlea, El muro (Anagrama) argitaratzeagaz batera geugaz izango da. Desbardina danari, etorkizunari eta norberari deukotsaguzan bildurrak aztertzen dituan alegia moderno baten itxuran dator haren azkeneko obrea. Marta Sanz idazleak bere lanbide-ibilbidea
gogoratuko dau. Hamaika egunkari-artikulu, entsegu, poema-liburu eta eleberri idatzi ditu, umorea bereizgarritzat hartuta. Pequeñas mujeres rojas (Anagrama) eleberriagaz Arturo Zarko komisarioaren trilogia zarratu dau. Gerra Zibilean oinarritutako obra honen bidez iraganean kitatu bako kontuek
orainaldian zelan eragiten daben erakutsi nahi izan deusku.
2010an sortu zan Ja! Bilbao, La Risa de Bilbao goiburupean eta ordutik urtero antolatzen da, udagoienaren hasieran: literaturearen eta artearen umorea adimenaren, zibilizazinoaren, kulturearen, askatasunaren eta bizipozaren adierazpen legez aldarrikatzea da asmoa. Aurreko hamar edizinoetan, hainbat egilek hartu dabe parte: Tom Sharpe, Francisco Ibáñez, Ismail Kadaré, Robert Crumb, Julian Barnes, Fernando Trueba, John Cleese, Joyce Carol Oates, Álex de la Iglesia, Jeanette Winterson, Elvira Lindo, Mircea Cartarescu, Tricicle, David Foenkinos, Joaquín Reyes, Javier Cansado, Miguel Zugaza, Ernesto Sevilla, Ignatius Farray, Max, Javier Cercas, James Rhodes, Mercedes Cebrián, Marta Sanz, Kepa Junkera, Imanol Uribe, Rosa María Calaf, David Trueba, Eduardo Mendicutti, El Gran Wyoming, Jon Sistiaga, Pilar Adón, Pedro Olea, Olmo, Forges, Gallego y Rey, Isabel Coixet, Joan Manuel Serrat, Lionel Shriver, Luis Goytisolo, Martin Caparrós, Paco Roca, Diego Manrique, Javier Mariscal, José Luis Cuerda, Nick Hornby, Ouka Lele, Santiago Segura, Bernardo Atxaga, Fernando Savater, Pepe Viyuela, Albert Boadella, David de Jorge, David Lodge, Frédéric Beigbeder, Pedro Reyes, Ramiro Pinilla, Kirmen Uribe, Martin Amis, Michel Houellebecq...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!