Guggenheim Bilbao Museoan 'Bestelako begiradak' izango dira
2020-07-23 13:24 KultureaOlafur Eliassonen artea ilustrazinoen bidez.
Guggenheim Bilbao Museoak zortzi ilustratzaileren lana aurkeztu dau. Artistok ilustrazinoen bidez agertu dabe Olafur Eliassonen lanon aurrean bizi izan daben esperientzia: Myriam Cameros, Higinia Garay, Yolanda Mosquera, Alberto Muriel, Concha Pasamar, Ane Pikaza, Janire Orduna eta Leyre Urbeltz dira ekimenean parte hartu daben zortzi ilustratzaileak. Guggenheim Bilbao Museoaren erronkeari helduz, ilustrazinoen bidez agertu dabe Olafur Eliassonen lanaren aurrean bizi izan daben esperientzia. Iberdrolak babesten dauen Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketeak Museoko bigarren pisu osoa hartzen dau. Haren lanak eta instalazinoak esperientziak eragiteko pentsauta dagoz eta bisitariak horreen partaide bihurtzen dira.
Zortzi irudigileek erakusketeari buruzko ikuspegi propioa txertatu dabe egin ditun piezetan eta hainbat teknika eta estilo librea erabili ditue aukeratutako artelanetan atentzinoa emon deutsea adierazoteko. Aurkeztutako ilustrazinoek modu iradokitzaile eta personalean jaso dabe Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketan bizitakoa: artelanek ikuslea barruan sartzeko daben modua; naturearen presentzia indartsua lainoa, likena edo glaziarren moduko elementuen bidez; eta inguruko mundua antzemoteko, sentiduteko eta hari formea emateko moduari buruzko etenbako hausnarketea zelan egiten dauen argia, kolorea, mobimentua eta figura geometrikoak erabiliz. Erronkeari erantzunez sortutako ilustrazino eder honeek egileen gaitasuna erakusteaz gan, bakotxaren ikuspuntu personalak artea eta oro har mundua, zelan bizi dogun baldintzatzen dauela erakusten dabe. Duda barik, uda honetako erakusketa erakargarrienetako batean askatasun osoz eta sormena pizteko prest sartzeko gonbidapena egiten deuskue.
Ilustratzaileak eta aukeratutako artelanak
Myriam Cameros (Tutera)
Aukeratutako artelana: Absentziaren presentziaren pabiloia (The presence of absence pavilion), 2019 Artelan honetan sartzerakoan, dagoeneko ez danaren, ez dagoanaren hutsunea antzemoten dozu. Ilustrazinoan, iraun ez dauen baina akaso noizbait berreskuratu daitekeen horren presentzia aztoragarrian sakondu dot.
Higinia Garay (Higi Vandis) (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Zure kolore-atlas atmosferikoa (Your atmospheric colour atlas), 2009 Zentzumeanaz naturan egindako bidaia da. Bertan gengozala, espazioa eta bere barruko formak argi eta kolorez osotutako izpietan desagertzen ikusi genduzan. Eta ha esploraukeran dimensino piktoriko barri horren biztanle bihurtu ginan.
Yolanda Mosquera (Amurrio)
Aukeratutako artelana: Maketa-gela (Model room), 2003 Txango mikroskopiko batean topauko zeunkezan sekretu guztiak gordeten dituan berotegi magikoa dirudi.
Alberto Muriel (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Glaziarren urtzearen seriea 1999/2019 (The Glacier Melt series 1999/2019): Olafur Eliassonek elementu honen desagertzea dokumentetan dau, bizitoki dogun planeta honen biziegokitasunerako seinale txarra.
Concha Pasamar (Iruña)
Aukeratutako artelana: Edertasuna (Beauty), 1993 Ostadarraren barrura planteetan dauen bidaiak dimensino setsorial oparo —ikusteko, entzuteko eta ukututeko modukoa— eta ludikoa dau, baita karga sinboliko ezin bereziagoa be.
Ane Pikaza (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Kolore batentzako gelea (Room for one color), 1997 Kolore batentzako gelea artelanean sartzerakoan halabeharrez hasten gara galdu ditugun koloreen bila; hurrengoa galerea onartzea da eta ñabarduren bila ibiltea bihurtzen da hor bizi dagun errealidade barriaren ardatza.
Janire Orduna (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Likenezko horma (Moss wall), 1994 Oso erakargarria iruditzen jat Olafur Eliassonek zelan lortzen dauen natureak norberaren espazio fisikoa hartzea; instalazinoa xaloa izan arren, dei egiten deutseu eta, aldi berean, likenaren formen konplexutasunak babestuta sentiarazoten zaitu.
Leyre Urbeltz (Iruña)
Aukeratutako artelana: Zure zalantzazko itzala (kolorea) [Your uncertain shadow (Colour)], 2010 Lan honek nire izakerearen aniztasunagazko olgetea iradokitzen deust. Norberaren gorputzaren mobimenduakazko kontzientzia pizten dauen metafora sinistesikoa da eta hirurogeiko hamarkada amaierako poster psikodelikoen bilduma amaibakoa osotzeko tramankulu magikoa izan eitekean espektro bisuala sortzen dau.
Euskal Irudigileak
Euskal Irudigileak (APIE-EIEP)-Euskadiko Ilustratzaileen Alkarte Profesionala da, 2003tik, beren eskubide profesionalak defendidu nahi dituen ilustratzaileak batzen dituan kolektiboa. Ilustrazinoan maila profesionalean dabizen edo jardun nahi daben 120 irudigile eta sortzailetik gora dira alkarteko kideak, sektoreko edozein arlotara batzen diranak: liburuak, testu-liburuak, komikiak, publizidadea, packaging-a, prentsea, txartelak (greeting), animazinoa, multimedia edizinoa, online edizinoa, infografiak, kartelgintzea, estanpazinoa, karikaturak, olgeta didaktikoak, muralgintzea, gidoi ilustratuak (storyboard), zirriborroak (layout), ilustrazino zientifikoa...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!