Arangoiti protagonista 'Bilbao Izan' bisita gidatuetan

Bizkaie! 2020-07-23 11:37   Pil-pilean

Parte hartu nahi dabenek garagarrilaren 27tik aurrera emon leikie izena.



Bisita gidatuek #BilbaoUda2020 Udalaren udako proposamenean sartu dira. 150 jarduera baino gehiago dakarzan ekimenean eta, alde batetik, herritarrei aisialdirako eta kulturarako alternatibak eskaintzea dau helburu; bestetik, COVID-19 pandemiak sektore profesionaletan dituan ondorioak arintzea, besteak beste, kultur eragile eta erakundeetan.


Ezagutu oinez

Uda honetan beste kultura-plan batez gozetako alternatiba bat da; beraz, abuztuan, bisita gidatu horreetan parte hartu eta sakon ezagutu Arangoiti, Deustuko Eleizate zaharraren lurretan dagoan auzoa, Artxandako mendilerroaren oinetan.

Arangoiti 60ko hamarkadatik aurrera hazi zan, sasoi horretan etxebizitzak izan eban eskari handia zala-eta, kokalekuak eta orografiak baldintzatuta, gaur egun be indarrean jarraitzen dauen nortasun propioa sortu eban. Baserriak egozan mendixkea auzo aktibo eta jentetsua bihurtu zan eta portuko edo itsasadarraren ertzetako lantegietako beharginak nagusitu ziran. Baina gauza batzuk ez dira aldatu, Deustuko haranera eta ibarrera begiratzen daben ikuspegi parebakoak.

Bisita gidatu horreetan, Ezagutu oinez programako parte-hartzaileak auzoaren historiara hurreratuko dira, Goiriko auzo zaharreko bizimoduari, bertan bizi ziran monje Kaputxinoei, txakolindegi ezagunen bati edo oso ur preziatuak emoten zituan iturburuari buruz gehiago ezagutzeko. Miramar Jauregi bikainaren eta bertako baserri zaharren historia be ezagutuko dabe.

Abuztuko bisitak, ordu eta erdikoak, martitzenetik barikura, 11:00etan eta 18:30ean izango dira eta zapatuetan, barriz, 10:30ean eta 12:30ean.

Eguen arratsaldetan bisitak euskeraz izango dira. Bisitak euskeraz egin nahi dituen taldeak sortzen badira, taldeagaz adostuko da zein egun eta ordutan.


Ezagutu oinez familian

Aurten bigarren aldiz egingo dira, 2019an proposamenak izan eban harrera onaren ondoren eta garagarrilean Deustun abian jarri ondoren Arangoitira helduko da. Lau urtetik gorako umeak dituen familientzat pentsauta dago.

Bisita horreetan, olgeta eta ipuinen bidez, familiek Arangoiti beste era batera ezagutuko dabe, esplorazino-kit bati esker begirada bitxi eta sortzailea erabiliz. Zentzumenak pres eta arretaz begituta, helduak eta txikiak auzoa ikuspegi barrietatik ezagutuko dabe.

Bisitak ordu eta erdikoak izango dira eta abuztuaren 17an eta 18an egingo dira, astelehen eta martitzenetan, 17:30ean, euskeraz eta gaztelaniaz.


Osasuna

Bisita gidatu guztiak osasun baldintzek ixten daben guztietan egingo dira. Parte-hartzaileen osasunari eta ongizateari erreparauta, aurten edukierea erdira ekarri da —gehienez be 15 lagun taldeko Ezagutu oinez programan eta Ezagutu familian, taldeak 12 personetakoak izango dira—, nahitaezko segurtasun-distantziari eutsi ahal izateko. Maskarea be nahitaez erabili beharko da.


Izena emotea

Parte hartu nahi dabenek garagarrilaren 27tik aurrera emon leikie izena, 944 010 010 telefonoan, astelehenetik domekara, 08:00etatik 20:00etara.

Ezagutu Arangoiti oinez eta Ezagutu Arangoiti familian topaguneak Araneko 20ko Bilbobus geralekuan izango dira.

Bisitan euria egingo baleu, leitekeana da ibilbidea zeozertxu aldatzea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu