Santimamiñeko indusketa arkeologikoek mende bat baino gehiago bete ditue
2020-07-23 09:59 KultureaErakusketa tailerra eta kontzertua izango dira garagarrilaren 25ean.
Datorren zapatuan, garagarrilaren 25ean, Kortezubin, Basondo auzoan, Santimamiñe Eguna ospatuko da, kobazuloko pinturen ganberea topau, bertako ikerketen hasierea eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izentau izana gogoratzeko. Jazoerea ospatzeko programa berezi bat atondu dabe kobazuloaren kanpoaldean, antxinako soinekoei buruzko erakustaldi tailer bat eta ostean egongo dan kontzertu bat, hain zuzen be.
Ordubeteko tailerra eguerdiko 12:15ean izango da eta Mikel Agirre Ruiz de Gopegi arkeologoak gidatuko dau. Tailerrean larruak lortzeko eta ontzeko teknikak eta prozesua azalduko ditu, berbarako, josteko hariaren elaborazinoa, tendoietatik abiatuta lortzen zana eta josteko eta mozteko eta karrakatzeko tresna erabilgarrietarako beharrezkoak ziran orratzak eta hazurrezko puntzoiak egitea. Era berean, jantziak egiteko erabilitako material, teknika, estilo eta moda guztiek lotura estua izan dabe historian zehar klimeagaz, geografiagaz eta, batez be, jantziak egin eta erabili zituen giza taldeen gizarte-osoereagaz. Erakustaldian, arkeologoak antxinako teknikak azalduko ditu, baita oraindino erabilten ditugun jantzi batzuen jatorria be: mokasinak, alkandora arinak, parkak, anorakak eta bestelakoak.
Tailerraren ondoren, Herri musikearen harribitxiak kontzertua izango da. Aitor Urkizak eta Iker Alvarezek osotutako bikoteak errepertorio tradizional eta herrikoa eskainiko dau, formatu txikian eta estilo eta jatorri ezbardinetako musika piezak buztartuz, musika tresna tradizionalak erabiliz eta euskal kantutegi herrikoia, musika zeltea, tangoa, balsa eta jantzarako piezak eskainiz.
Edukierea mugatua danez, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserbea egitea, 944 651 657 telefonoaren bidez edo santimamine@bizkaia.eus helbidera mezu bat bialduta. Gogoratu, 12:00etan informazino-gunean dala hitzordua; musukoa nahitaez erabili eta gitxieneko distantzia gordeteko gomendioari eutsi behar jako.
Santimamiñe
1916an, J.F. Bengoetxeak topau zituan kobazuloko labar-pinturak eta ondorengo urteetan Enrique Eguren, Telesforo Aranzadi eta Jose Migel Barandiaran arkeologoek ikerketak egin zituen.
2008. urtean, UNESCOk gizateriaren ondare izentau eban Santimamiñe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!