Getxo Kirolak-ek Thinking Fadura prozesuari buruzko ikaskuntzak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2020-07-23 09:19   Pil-pilean

Herritarrek parte hartzeko prozesuetan dituen zailtasunak identifiketea da asmoa.

Euskadiko Gobernu Edegirako Nazinoarteko Aliantzeak (OGP Euskadi) atondutako hitzorduan, Fadurako kirol-parke barria barriro diseinetako jorratutako Thinking Fadura proiektutik lortutako ikaskuntzak konpartidu ditu Getxo Kirolak-ek. Proiektua herritarrakaz eta udalerriko kirol alkarte-ehunagaz batera egin dau, zehatz, hilebete honeetan egindako azterketea herritarren parte-hartzearen inpaktuan oinarritu da, Herri Administrazinoaren barruko-egiturearen ikuspegitik.

Getxo Kirolak-ek OGP Euskadiren laguntzea eta gainbegiratzeagaz egindako analisiaren asmoa da, Thinking Faduraren esperientzia zehatzaren bitartez, Administrazino Publikoak, oro har, herritarrek parte hartzeko prozesuetan dituen zailtasunak identifiketea. Modu horretan, honako honeek lako erronkak identifikau dira: erakundeen barruan herritarren parte-hartzea danaren ikuspegi bateratua adosteko beharra; politika publikoak egiterakoan herritarren ekarpenak sartzeko barruko-prestakuntzearen preminea; prozesu-mueta horreetako agente guztien esparrua zehaztu beharra; eta aukerak kudeatzeak eta prozesuen fase ezbardinak modu egokian komuniketeak daben garrantzia.

Getxo Kirolak-ek Thinking Fadura proiektuaren inguruan proponidutako lana OGP Euskadik aztertutako lau esperientzietako bat da; horregaz batera, ondokoak aurkeztu dira: parte hartzeko aurrekontuak, Gipuzkoako Foru Aldundiarenak; migratzaileek parte-hartze sozialean daben inplikazinoaren analisia, Bilboko Udalak landutakoa; eta herritarren parte-hartzea neurtzeko sistema bat ezartzea osasuna eta ongizatea sortzeko baliabide legez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarritakoa.

Gobernu Edegirako Nazinoarteko Aliantzea (Open Government Partnership - OGP) gobernantzan eta gardentasunean erreferentziazkoa dan nazinoarteko erakundea da eta proiektuak bultzatzen ditu gobernuei edegiagoak, arduratsuagoak eta sentiberagoak izaten laguntzearren. Euskadik 2018tik parte hartzen dau proiektuan OGP Euskadiren bitartez, parte hartzen daben munduko 20 eskualdetako bat da. OGP Euskadi Eusko Jaurlaritzeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek nahiz hiru euskal uriburutako Udalek eta autonomia erkidegoko beste herri batzuetakoek osotzen dabe, gobernu edegiaren inguruan hausnartzeko eta ikasteko.

Getxo Kirolak-en esperientziaren azterketeari buruzko lan osoa Thinking Faduraren webgunean konsultau ahal izango da, eta hori nahiz gainerako azterketak OGP Euskadiren webgunean hemen


Thinking Fadura nazinoarteko argitalpenetan

Thinking Fadura proiektuaren eta herritarren parte-hartzearen esperientziak interesa piztu dau argitalpen ospetsu bitan: Mexikoko U-GOBen egoitzea dauen Iberoamerikako aldizkarian eta Limako (Peru) Uriko Esku-hartzeen V. Foroak laster argitaratuko dauen aldizkarian.

U-GOB 50.000 harpidetza inguru dituan informazino-bide bat da eta Latinoamerikan eta Espainian barrikuntza publikoko proiektuak batzen ditu. Aldizkari digitalaren azken zenbakian, 5 orrialdeko artikulu bat argitaratu dau, Fadurako kiroldegia kirol parke publiko bilakatzeko orain arte gindako lana laburbatuz.

Era berean, Uriko Esku-hartzeen V. Foroaren testuinguruan, aldizkari bat argitaratuko da Thinking Faduran orain arte egindako lanari buruzko artikuluagaz. Foroa urien plangintza eta kudeaketari buruzko eztabaida-gunea da, herritarrek osotutako taldeek sustatua. Aurreko edizinoetan, Kolonbia, Txile, Argentina, Mexiko, Brasil, AEB, Australia eta Erresuma Batua lako herrialdeetako 2.000 parte-hartzaile batu dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu