Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana autortu dau
2020-07-22 13:08 KultureaHelena Matute, Clara Martin eta Matxus Perugorria emakume ikertzaileek aintzatespen bana jaso dabe.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidentea buru, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketzaile diran hiru emakumeren aintzatespenak banatu jakez gaur goizean Helena Matute, Clara Martin eta Matxus Perugorriari. Ekitaldian, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoagaz batera, Adolfo Morais Unibersidade eta Ikerketako sailburuordeak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Zientzia eta Barrikuntzearen Euskal Sistemearen arduradunek parte hartu dabe. Hauxe da Ikerbasquek emakume ikertzaileen jarduna aitortzeko antolatzen dituen aintzatespenen bigarren edizinoa eta hiru kategoriatako ikerketa-lana saritu dau: ibilbide zientifiko osoa, ikerketa-esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmena:
Helena Matute (1960)
Ikerketa-karrera osoko aintzatespena Helena Matuterentzat (1960) izan da. Helena Psikologiako Katedraduna eta Deustuko Unibersidadeko Psikologia Esperimentaleko Laborategiaren zuzendaria da. Ikertzaile bisitaria izan da Malaga, Gante (Belgika), Minnesota (AEB), Sidney eta Queenslandeko (Australia) unibersidadeetan. Ikaskuntzearen funtzionamendua, ilusino kognitiboak eta erabagiak hartzeko prozesuak ditu ikerketa-jardunaren ardatz, baita fenomeno horreek egungo zenbait arazotan dituen aplikazinoak –sasizientziak, desinformazinoa– eta adimen artifizialak erabagi-hartzeetan nahiz giza-portaeran izan leikien eragina be. Psikologia Esperimentalaren Espainiako Alkarteko Presidentea izan da eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazinoaren (FECYT) Aholkularitza Batzorde Zientifikoko kidea. Jakiunde-Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide osoa da.
Horrezaz gan, dibulgazino zientifikoaren zale amorratua da eta bere dibulgazino-lanak liburu onenaren Prisma saria eta zientzia-dibulgazinoko artikulu onenaren JotDown-DIPC saria jaso ditu.
Clara Martin (1978)
Eleaniztasunaren arloan dauen lidergoagatik autortu dabe. Neurozientzia Kognitiboan doktorau zan Lyongo Unibersidadean eta doktoretza ondoko egonaldiak egin zituan Bangorreko Unibersidadean, Galesen iparraldean, zein Bartzelonako Pompeu Fabra Unibersidadean; azken honetan, elebitasun eta eleaniztasunaren esparruan espezializau zan. 2012an, BCBL zentroan sartu zan Ikerbasqueko ikertzaile lez, Hizkuntza eta Elebitasuneko ikerketa-taldea zuzentzeko. 2019an, ERC-Consolidator Grant bati atxikitako ikerketa-proiektu bat jorratzeko hautatu zituen Estaduko 16 personetako bat izan zan. Irakurketearen ikaskuntzan ortografiak edade txikikoen hizkuntza-soinuen pertzepzinoari eta sorkuntzeari zelan eragiten deutsen ezagutzea zan proiektuaren helburua, 1,9 miloe euroko finantzaketea tarteko.
Matxus Perugorria (1981)
Perugorriaren lana aldarrikatu dabe gibeleko kalte kronikoaren zein minbizi primarioen –hepatokartzinoma eta kolangiokartzinoma–arloan egindako ekarpen nabarmenagaitik. Nafarroako Unibersidadean doktorau zan, gibeleko lesinoaren bilakaereari lotutako mekanismo molekularrak aztertu ondoren. Gero, doktoretza ondoko egonaldia egin eban Newcastleko Unibersidadean eta beste zenbait egonaldi Paris eta Vienako unibersidadeetan. 2012an, Perugorria doktorea Biodonostia Institutuan sartu zwn, gibeleko kalte kronikoaren eta gibeleko minbiziaren bilakaereari lotutako mekanismo molekularrei buruzko ikerketa-taldea sortu eta zuzentzeko. Urtebete geroago Ikerbasque Fellow izentau eben eta 2017tik, Ramon y Cajal Programako ikertzailea da Euskal Herriko Unibersidadean (EHU).
Autortutako emakume ikertzaileak aukeratzeko, Ikerbasquek Euskadiko 300 emakume ikertzaileren baino gehiagoren produkzino nahiz ekarpen zientifikoei buruzko datuak aztertu ditu. Amaierako hautaketa Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak egin dau, Fundazinoko Batzorde Zientifikoaren oneretsiagaz.
2018an, Emakunderen metodologiari jarraituz, Ikerbasquek gizon eta emakumeen arteko bardintasun plana aplikau eban eta prozesu horren emoitza lez eta bardintasuneranzko bidean aurrera egiteko asmoz, 7 ekintza proponidu zituen, horreen artean, emakume ikertzaileen autorpena.
Neurrion bitartez, Ikerbasquek goitik behera gainditu nahi ditu, emakume ikertzaile asko karrera zientifikoei uko egiten bultzatu eta beste hainbat kasutan gizonen aldean ezkutuan ixten dituen genero-estereotipoak. Ondorioz, emakume ikertzaile distiratsuen karrerak bistaratu eta zientziari egindako ekarpena autortzea da ekintza honen helburu nagusia, ondorengo belaunaldien eredu bihur daitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!