Aurtengo Gure Artea saridunak: Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugaza

Bizkaie! 2020-07-22 12:29   Kulturea

Sariak datorren udagoienean banatuko dira, Guggenheim Bilbao Museoan.



Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Gure Artea sariak irabazi dituen artisten izenak ezagutzera emon ditu gaur goizean, Donostiako San Telmo Museoan. Sari honeek arte plastiko eta ikusizkoen arloan Euskadin emoten diran saririk garrantzitsuenak dira eta epaimahaiak honako artista honeek hautatu ditu: Pello Irazu, Ibilbide artistikoa autortzeko modalidadean; Laida Lertxundi, Sormen-jarduerea autortzeko modalidadean; eta Leopoldo Zugaza, Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana autortzeko modalidadean. Sariak datorren udagoienean banatuko dira, Guggenheim Bilbao Museoan egingo dan galan.

Mikel Onandia epaimahaiburuak azaldu ditu epaimahaiaren erabagiaren arrazoiak; hau da, Miren Arenzana, Lucia Agirre, Oier Etxeberria eta Sahatsa Jauregi epaimahaikideakaz batera hartutako erabagiak. Irabazle bakotxak 18.000 euroko saria jasoko dau.

Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu dauenez, artearen munduak arteari eta artistei egiten jaken autorpena dira sariok: euskal artearen errealidadea ezagutzen dauen epaimahai espezializatu bat arduratzen da irabazleak aukeratzeaz. Gainera, azpimarratu behar da Gure Artea sariek gure artistek egiten daben lana autortzeko eta gure artea ikusgarriago egiteko balio deuskue.


Ibilbide artistikoa autortzeko modalidadea

Pello Irazu Mendizabal (Andoain, 1963) artista gipuzkoarrarentzat izan da aurten saria. Gure Artea sarien epaimahaikideen aburuz, oinarrizko artistea izan da euskal arte garaikidearen panoraman eta joan dan mendeko 80ko hamarkadan egin zan euskal eskultura garaikidearen barrikuntzearen ordezkari nagusietako bat dogu. Zer dan artea eta zer ez dan artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diran testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri dau arretea, eskulturearen praktikeari dimensino barri bat gehituta eta horregaitik da bere lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman, jaso dabe ebazpenean.

Era beren, epaimahaiak bere lana autortu nahi izan dau: Eskulturea da Irazuren lanaren esentzia eta tartekatu egiten dau, argazki, marrazki eta pintura muralakaz, bere espektrorik zabalenean: neurri txikiko hiru dimensinoko proposamenetatik hasi eta instalazino kolosaletaraino, hibrido objektualak tartean dirala. Erabilitako diziplinaz aparte, haren lanak oso modu zehatz batean heltzen deutse gure gorputzen, objektuen eta espazioen arteko lotura anitzetan sortzen diran arazoei, nabarmendu dabe.


Sorkuntza-lana autortzekoa

Laida Lertxundi de Pradorentzat (Bilbo, 1981) izango da 2020ko Sormen-jarduera autortzeko modalidadea. Donostian bizi dan artista bilbotarrak bideo zein idazketa lanak jorratzen ditu: Artisteak proposamen artistikoak instalazino eta proiekzino moduan gauzatzen ditu, nazinoarteko arte bienaletan, galerietan, zinema-aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz, ebazpenak jaso dauenez. Lertxundik erreferentziatzat hartu ditu artearen eta zinemearen historiaren formatu tradizionalak eta horreen gaineko begirada kritikoa egin dau: Haren obran etenbakoak dira abangoardiako artearen korronte kontzeptualen erreferentziak eta islatuta agiri dira bere obra osoa zeharkatzen dauen minimalismo lirikoan, musika esperimentalaren erabileran edo Pop mobimentuaren berezko estrategietan, azaldu dabe epaimahaikideek. Era berean, nabarmendu dabe erreferente anitzak dituala artista bizkaitarrak: Lertxundiren praktikan jatorri desbardineko erreferenteak batzen dira, bere bizi-ibilbidearen parte diran lekuen aitamenak, irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez eregitako bideak. Lofoten ugarteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisajeek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dabe.


Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana autortzekoa

Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, 1932) aukeratu dabe Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana autortzeko modalidadean irabazle, Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin dauen ibilbide oparoan oinarrituta: Artearen munduagaz lotutako hainbat alkarte eta erakunderen ekintzaile, editore eta sortzaile izan da Leopoldo Zugaza eta bere jakin-mina eta lanerako gaitasuna nekaezinak izan dira, hain zuzen be, inguruko kulturearen esparruan topautako hutsuneak beteten bultzatu dabenak, izan be, artea eta kulturea, oro har, jenteari hurreratzeko lana dira, bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik jaso dabe ebazpenean.

Epaimahaikideek azaldu dabenez, kalidade maila nabarmena erakutsiz, kultura artistikoaren balio-katearen fase guztietan hartu dau parte: ikerketea, prestakuntzea, sorkuntzea, sustapena eta banaketea. Eta horregatik 'euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimenen ekarpenik barik.

Epaimahaiaren ebazpenak nabarmendu dau kultureari lotutako beste alderdi batzuen artean, oso zeregin garrantzitsua izan dau arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko bidean eta interes berezia izan dau abangoardiako euskal artisten sorkuntzea zabaltzeko eta hareen balioa nabarmentzeko ekimenetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu