Inma Roiz, Rober Garay eta NØGEN taldearen kontzertua Bilbon
2020-07-21 11:31 KultureaInma Roiz idazleak eta Rober Garay ilustratzaileak El viaje de Aixa izango dabe berbagai.
Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak astean hitzordu bi ditu #BilbaoUda2020 programazinoaren barruan: #BilbaoUda2020k Udalak antolatutako kultur-proposamena da eta tokiko kultura-eragileen eskutik 150 proposamen baino gehiago batzen ditu Bilbo plan interesgarriz beteteko.
Kontuak kontu, Bidebarrietako Liburutegira hurreratzen diranek Inma Roiz autorearen eta Rober Garay ilustratzailearen arteko topaketea izango dabe garagarrilaren 23an, eguenean eta Nøgen musika talde donostiarraren kontzertu akustikoa, barriz, garagarrilaren 24an, barikuan.
El viaje de Aixa
Garagarrilaren 23an, 19:00etan, naturea eta literaturea buztartuko dira Inma Roiz autorearen eta Rober Garay ilustratzailearen eskutik: El viaje de Aixa nobelearen, goi-mailako Paleolitoan girotutako eleberriaren sorrera-prozesuaren gorabeherak kontauko deuskuez. Gainera, Rober Garayk, zuzenean, testuagaz batera agertzen diran irudi batzuk pintauko ditu pigmentu naturalakaz: okrea, oxidoak, ikatzak eta limonitak. Hitzordu honetarako gonbidapenak eskuragarri dagoz, leku-kopurua agortu arte, www.bilbaokultura.eus webgunean.
Inma Roiz (Okondo 1971) idazle eta kazetaria da. Migrazinoak nabarmentzen dira bere obra osoan, eta El Viaje de Aixa eleberriaren argumentu-haria osotzen dabe. Lehen, Manuela (2013) liburuaren ardatza be izan ziran, euskaldunek Mexikora egin eben emigrazinoari buruzko Atlantikoaren ertz bietan kokatutako historia. Oro verde-n (2016), serronen lanbidea jorratzen dau, Euskal Herrian zugatzak botaten zituen gazte kantabriarrak. Lurrari itsatsitako istorioak dira. Haren azken abenturan, kobazuloen munduan sartzen da, Paleolitoko etxeetan.
Rober Garay bilbotarra artista sailkaezina da, personaia bitxi eta ahaztezinak sortu ditu: El reino inclinado, El agrosalvaje mundo de Manurro, Puto edo El Kapitan Kaoporrex lakoak. Hainbat album be argitaratu ditu Frantzian, Editorial Sauré-ren eskutik. Edorta Jimenez idazlearen gidoiagaz, Bermeoko historia Canterburyko paperen misterioa-n irudikatu dau. Jarduera hori eskultura, instalazino, Arte Gordina eta naturako esku-hartzeakaz buztartzen dau, eta El Correon astero kolaboretan dau Roque Star serieagaz, nahiz eta Deia edo Egin egunkarietarako be marraztu dauen. Ekintzaile nekaezina, Agroskate erropa-etxearen sortzailea da. Txalapartan, Fernando Palazuelosegaz batera, Zapatos en la arena (2013) eta La bestia que bebe de las huellas (2014) lanak argitaratu ditu.
NØGEN
Hilaren 24an, barikuan, 19:00etan, Bidebarrieta Kulturgunean folka izango da nagusi. Nøgen-ek zale ugari batu ditu ibilbide laburrean, 2016. urtean, Markel Idigorasek, bere ukeleleagaz batera, taldearen lehen abestiak melodiaz bete zituan, Danimarkako Erasmusen. Egonaldiaren amaieran, Donostiara bueltau eta berehala kutsatu zituan Alex Irazusta gitarran eta Ane Negueruela ahotsean. Ondoren, soinu handiagoa eta sendoagoa lortzeko asmoz, urtearen amaieran Olatz Cuevas bajua eta Jokin Guilisagasti bateria batu jakezan. Kontzertu akustiko honetan, pop-folk doinuak eta ingelesa eta euskerea nahastautako abestiak errepasauko ditu taldeak.
Sarrerak dagoeneko salgai dagoz www.bilbaokultura.eus webgunean, 5 euroan. Esparruan bertan saltzeko sarrera-kopuru txiki bat erreserbauko da 17:00etatik aurrera.
Osasun-protokoloak zorrotz bete behar dira ekitaldi guztietan, ahalik eta osasun-segurtasun handiena bermatzeko. Era berean, maskarea nahitaezkoa da Bidebarrieta Kulturgunean egiten diran ekitaldi guztietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!