Madalen Egunean ez da jairik egongo

Bizkaie! 2020-07-20 12:17   Pil-pilean

2020ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek badabe kartel irabazlea: Maitane Marina Lopez-en Etxetik at!

Aritz Abaroa Bermeoko alkatea teilea botaten. Argazkia: Busturialdeko Hitza | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek mezu bateratua zabaldu dabe: Madalen Egunean ez da jairik egongo. Indarreko osasun eta segurtasun neurriek ezinezkoa egiten dabe herritarren segurtasuna bermatzea eta, horregaitik, jairik ez egitea erabagi dabe.

Lau udalerriek neurri zorrotzak hartuko ditue legea behar bezela bete daiten eta, gainera, Ibarrangeluk eta Elantxobek herrirako sarrerak zarratuko ditue egun horretan, izan be, baimenduak eta herritarrak baino ez dira sartuko kasu bietan. Bizkaibus zerbitzuan be aldaketak egongo dira egun horretan. Bermeoko Udalak be, bermeotarrentzako urteko jai berezienetakoa dala kontuan hartuz, Madalen bezperan eta egunean bertan kontrola indartuko dau txoko, taberna eta terrazetan segurtasun eta osasun neurriak beteten dirala ziurtatzeko.

COVID-19ak sortu dauen osasun krisiak ekarritako neurriak betetea beharrezkoa da eta lau udalerriek izandako bileren ostean, aho batez erabagi dabe ezelako jairik ez egitea eta osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Ez da erabagi erraza izan baina gungo egoereak ez dau ahalbidetzen Madalen Eguna urtero legez ospatzea, izan be, Bermeon, Elantxoben, Ibarrangelun eta Mundakan sortzen diran jente pilaketak nahikoa atxaki dira ospakizuna bertan behera ixteko.

Urteetako ohitureari eutsiz eta protokoloak agintzen dauenari jarraituz, Bermeok, goizean zehar teilea botako dau Izarora. Herriko alkate Aritz Abaroak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikineko teila jaurtiko dau uretara, honaino heltzen dira Bermeoko ituginak ozen esanez. Antxinatik egiten danez, Izaro ugartearen ipar-ekialderantz dagozan mugak adierazoko dira holan. Aurretik, hori bai, Bermeoko Udalak herriko banderearen eta ikurrinearen jasoerea egingo dau Izaron bertan. Aurten, ostera, ez da segizio ofizialik egingo eta udal korporazinoak ez dau Elantxobera eta Mundakara bisitarik egingo.

Koronabirusak sortutako egoera honetan, aukeratutako teila sinbolismoz betea izango da aurten. Bermeoko Udalak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikinaren teila bat aukeratu dau gizarte zerbitzuetan lan egiten daben langileei omenaldi xumea egiteko, izan be, gizarte zerbitzuen garrantzia eta lehenengo lerroan lan egiten daben personen jarduna goraipatu nahi da ekintza honen bitartez.


Neurri bereziak:

Elantxobeko Udalak lurreko eta itsasoko sarrerak zarratuko ditu herrian sartzeko baimen berezia beharko da edo bertako herritarra izan. Gainera, Bizkaibus zerbitzuak be ez dau Elantxoben geldialdirik egingo.

Ibarrangeluk be, herrirako sarrerak zarratu egingo ditu eta, hemen be, baimenduak edota herritarrak baino ez dira sartuko. Gainera, Bizkaibus zerbitzuaren geralekuak aldatuko dira, izan be, autobusak Arriderra eta Akordako kurtzean geratuko dira. Hori bai, ibarrangelutarrentzat furgoneta eta taxi zerbitzua egongo da. Herrian sartzeko baimenak Elantxobe eta Ibarrangeluko udalek kudeatuko ditue eta sarreretako kontrola Ertzaintzeak egingo dau.

Mundakak lurreko eta itsasoko sarrerak kontrolauko ditu, jente pilaketei aurre egiteko; pilaketak lau udalerriek modu berezian kontrolauko ditue (jai alternatibo guztiak kontrolau eta segurtasun eta osasun neurriak beteten ez dirala ikusten bada, jentea sakabanatuko da). Gainera, gogorarazoten da maskarea erabiltea behar-beharrezkoa dala eta gazteen lokalak edegiteko baimenik ez dagoala.

Bermeok tabernetako, terrazetako eta txokoetako aforoak eta bertako portaerak zorrotz kontrolauko ditu (txoko eta tabernetara zirkularra bialdu da indarrean dagozan neurrien barri emonez). Jarrera desegokirik ikusiko balitz, multak ezarriko dira. Herriko udaltzaingoak kontrol bereziak egingo ditu 21 gauean eta 22an egun guztian. Oinezko patruilen bidez osasun eta segurtasun neurriak beteten dirala egiaztatuko dabe eta horrezaz gan, Bermeoko tabernek Madalen Egunerako eben baimen berezia bertan behera geratuko da eta ordutegi normalagaz jardun beharko dabe.

Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek herritarrei erantzukizunez jokatzeko eta ahalegin berezia egiteko eskatzen deutse, danon osasuna baitago jokoan.


Bermeoko 2020ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek badabe kartel irabazlea: Maitane Marina Lopez-en Etxetik at!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu