'Oinarrizko hiztegia. Latina-euskerea', ezinbesteko obrea latineko ikasleentzat
2020-07-20 10:53 KultureaHiztegi barriak 19.000 sarrera daukaz.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuak Oinarrizko hiztegia. Latina-euskerea argitaratu dau, UPV/EHUko Letren Fakultadeko Filologiako eta Euskal Ikasketetako ikasleek hiztegi egoki bat izan deien «Latina» irakasgairako.
Proiektua 2014an sortu zan, UPV/EHUko Euskerearen arloko Errektoreordetzeak unibersidadeko testuliburuak euskeratzeko deialdia plazaratu ebanean. Aurten hiru hiztegi argitaratu dira: Euskolatinus hiztegia: latina-euskerea, irakasle nafarren talde batek egina; Dux eskola-hiztegia: latina-euskerea-gaztelania, Julián Peñarena; eta Latina-euskerea hiztegia, Junez Cazenave-Harigilek 2002an plazaratua eta 2014tik Euskaltzaindiaren webgunean dagoana. Horrek dudea sortu euskun, proiektuagaz jarraitu ala ez, baina ikusi genduan gureak nahiko berezitasunik baebala eta ekarpen aberasgarria izan eitekeala beste hiru hiztegien ondoan, azaldu dau Gidor Bilbaok, UPV/EHUko irakasle eta hiztegiaren zuzentzaile zientifikoak.
Euskal Herriko Unibersidadeko Euskera Zerbitzuak koordinau dau lana, Vox-Lauroussegaz eta Elhuyar Fundazinoagaz alkarlanean, izan be, hiztegi barria Diccionario esencial latino-español español-latino (Vox-Spes) ezagunaren euskerazko moldaketa eguneratua da, hiztegi hori bat etorrelako proiektuaren ideagaz. Vox-Spes hiztegia Eustaquio Echauri Martínez nafarraren Diccionario manual latino-español hiztegian oinarritu zan, 1927an argitaratu zan lehen aldiz eta hainbat edizino izan ditu.
Hiztegi barriak 19.000 sarrera daukaz, horreetatik 15.000 sarrera lexikoak dira, bi milatik gora lehenaldi burutuaren eta partizipio burutuaren formarik gatxenak dira eta, azkenik, mila eta seiehun inguru sarrera entziklopedikoak dira, izen bereziei (persona, leku eta personaia mitologikoei) jagokezanak.
Elhuyarreko Ane Rodríguezek eta Saroi jauregik lanaren lehen bersino bat egin eben, latina-espainierea hiztegiko gaztelaniazko testuak euskaratuta; aurrerago Gidor Bilbao irakasleak zuzendu eta barridatzi eban testua goitik behera, gaur egungo ikasle euskaldunak gogoan izanik. Holan, latinezko testuko akats batzuk zuzendu eta latinezko zenbait sarreraren ordena berrantolatu eben, bai eta, kasu batzuetan, sarrera barriak gehitu be. Definizinoan adieren hurrenkerea egokitu da (gaztelaniazko hiztegian erispide etimologikoak eban lehentasuna eta euskerakoan, barriz, erabilera maiztasunak eta horren arabera adiera batzuk kendu eta beste batzuk gehitu dira); era berean, kontuan hartu dira hiztegi latino barrienen ekarpenak. Aparteko arretea emon jako autore latinoen esapide eta esaldi jakin batzuen euskerazko itzulpenari, eredu izan daitezan latineko ikasleentzat. Hiztegian azpimarratzekoa dan beste ezaugarri bat da latinezko sarreren ordainek sinonimo ugari dakarrezala, Gidor Bilbao irakasleak esan dauenez, hiztegia erabilgarria izan daiten Euskal Herriko ikasle guztientzat, bai Bermeo eta Ataunekoentzat eta bai Gasteiz eta Baionakoentzat be.
Azkenik, azalpen entziklopediko guztiak gaur egungo jakintzaz aberastu eta gramatika laburpenean aparteko ahalegina egin dabe latineko egitura gramatikalen ereduzko euskerazko itzulpenak emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!