UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazinoak zortzi urte bete ditu gaur
2020-07-17 13:52 Pil-pileanPiE-UPV/EHU nazinoartean eredu da ikerketa zientifiko eta teknologikoaren alorrean.
UPV/EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroak (PiE-UPV/EHU) –Plentzian dagoanak–, zortzigarren urteurrena ospatu dau 2020ko garagarrilaren 17an, eta oso balantze positiboa egiten jako haren kudeaketeari. Sortu zanetik hona, Euskal Herriko Unibersidadeko Itsas Estazinoa sendotu egin da ikerketa zientifiko eta teknologikoaren alorreko erreferentzia zentro legez nazioartean.
2013an edegi ebenetik, zentroak produkzino zientifikorako gaitasun handia dauela erakutsi dau, izan be, 202 artikulu produzidu ditu, horreetako % 80 nazinoartean aparteko garrantzia daben aldizkarietan argitaratu dira askotariko gaiei buruz: zoologia, toxikologia, ingurumen zientziak, itsasoko eta ur gezako biologia, kimika analitikoa, biokimika eta biologia molekularra edo elikagaien zientzia eta teknologia.
PiE funtsezko eragilea izan da ekonomian eta goi mailako aholkularitza zientifikoa emon deutso, batez be Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeari, The European Marine Biological Resource Centre (EMBRC-ERIC) erakundearen The Future of the Ocean Economy programearen (ozeano-ekonomiaren etorkizuna) barruan, eta Euskampuseko ezagutza poloaren buru be izan da ozeanoaren osasunari eta balorizazino jasangarriari buruz (bikaintasunaren nazinoarteko campusa EAEn eta Akitanian).
Era berean, PiE-UPV/EHUko ikertaldeek lankidetza sare orokor bat jorratu dabe, 100 laborategi eta ikerketa zentro baino gehiago dituan sarea. Holan, PiE-UPV/EHUren ikerketa proiektuek oso finantzaketa lehiakorra lortu dabe, besteak beste, «Ikerketarako Europar Batasunaren zazpigarren esparru programearen» proiektu bat, EBko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programak (H2020) babestutako bost proiektu, EBko JPI Oceans ekimenaren proiektu bat (Healthy and Productive Seas and Oceans –itsaso eta ozeano osasuntsu eta emonkorrak–), Zientzia eta Teknologiako Europako Lankidetzarako programak (COST) finantzautako ekintza bi, eta Interreg Europe proiektu bi.
PiE, halaber, EMBRC (Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroa) Europako ikerketa azpiegituraren Espainiako nodoa be bada, Vigoko Unibersidadeko itsas estazinoagaz (ECIMAT) batera.
Goi mailako prestakuntzea, gizarteari edegia
UPV/EHUko Itsas Estazinoak goi mailako graduondoko hezkuntzea be eskaintzen dau nazinoartean: ERASMUS MUNDUS Master in Marine Environment & Resources, ERASMUS PLUS International Master in Marine Resources, ERASMUS MUNDUS Joint Master Degree on Marine Environment eta ERASMUS MUNDUS Joint Master Degree on Environmental Contamination and Toxicology.
Itsasaldi luze horretan, Plentziako Itsas Estazinoak gizartea tartean sartzeko jomugea be izan dau, personen artean interesa pizteko asmoz, lekuan lekuko kultureagaz eta jarduerakaz lotura handia dauelako zentroan gauzatzen dan ikerketeak. Horretarako, urtero antolatu ditu zentroak jardunaldi edegiak, baita perseidak ikusi bitartean gauez gozetako deialdiak be. Dibulgazino zientifikoko berbaldiak be egin ditu, aldizka parte hartzeaz gan Bilboko Zientzia Astearen eta Bermeoko Arrain Azokearen antolaketan. Jarduera horreetan, «Ozeanoak» antolatu ziran. Gaikako erakusketa horretan, 6.000 bisitarik baino gehiagok hartu eben parte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!