Paskual Rekalde hizkuntzalari nafarra euskaltzain oso izentau dau Euskaltzaindiak
2020-07-17 11:58 KultureaPaskual Rekaldegaz 93 dira sorreratik Akademiak izentautako euskaltzain osoak.
Euskaltzain oso barriak zortzi hilebeteko tartea dauka bere sarrera-berbaldia idazteko eta harrera ekitaldia be hor bueltan izango da.
Paskual Rekalde eta Paula Kasares nafarrak ziran Andres Iñigo euskaltzain emerituaren hutsartea beteteko proponidutako hautagaiak. Zezeilaren 28an, Bizkaiko Foru Jauregian egindako Osoko bilkuran zabaldu eben hautagaiak aurkezteko epea, Andres Iñigo emeritu izatera igaro zan momentuan bertan. Jakina danez, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar ditue euskaltzain osoek. Baina epea luzatu egin behar izan da, martiko eta apirileko Osoko bilkurak bertan behera geratu ziralako, pandemiak behartuta. Horretara, Akademiaren arautegiaren eta barruko-erregelen arabera, garagarrilaren 17ko Osoko bilkuran erabagi da euskaltzain oso barriaren izena: Paskual Rekalde Irigoien.
Gogoratu behar da Euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dabela eta, proposamenaz batera, zerrenda bat egin behar da, hautagai bakotxak dituan merezimenduak zehatz aitatuz. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek botoa emoteko aukerea izaten dabe.
Informazino gehiago hemen.
Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963)
Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskera itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea.
Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskera batuaren eta euskalkien eta Baztango euskerearen inguruan; horreen artean dagoz Mariano Izeta zanaren Baztango Hiztegia eta Dirua galgarri lanen edizinoa eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimo eta oikonimoren inguruko lanak, Andres Iñigogaz batera egindakoak.
Euskaltzain urgazle 2003an izentau eben eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an ekin eutson bideari Akademian eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.
Paula Kasares Corrales (Iruñea, 1969)
Soziolinguistika arloan egin ditu ikasketak eta lan ibilbidea. Doktorea da eta graduak nahiz graduondoak euskal filologian, antropologian eta hizkuntza plangintzan egin ditu.
Lan jarduna euskerearen normalizazino teknikari lanetan hasi eban 1994an. 2001etik 2003ra Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zan eta egun, Euskerearen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendari dabil, bai eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle be.
Ikerketa arloari jagokonez, soziolinguistika, hizkuntza eskubide eta hizkuntza antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da. Komunikazino eta berbaldi ugari emon ditu Euskal Herriko nahiz atzerriko biltzar-mintegietan eta hondar hamarraldian, familian umeak euskaldun haztearen gaineko zabalkuntza eta sensibilizazino jarduerei loturik ibili da. 2006tik euskaltzain urgazlea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!