Sopelako Udalak 1,3 miloe euroko diru-laguntzinoak bideratuko ditu 2020an

Bizkaie! 2020-07-17 11:35   Pil-pilean

Euskera, kultura eta hezkuntza sailak 78.200 euro jasoko ditu.

Sopelako Udalaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoak, ekitaldi honetan abian jarri eta jarriko dituan laguntzetara 831.945 euro bideratzea aurreikusi dau. Planak, laguntzak programau eta partikularren eta erakunde interesdunen eskaerak errazteko helburuari eutsiz, jagokon aurrekontuagaz Udaleko sail desbardinetatik iragarritako hogeita hamar bat laguntza-arlo ditu. Planak tokiko laguntzak jasoten ditu eta horreek EAEko eta Estaduko administrazinoek onartutakoen osogarri izango dira.

Zenbateko garrantzitsu honi, alde batetik, Udalak urtero Uribe Kostako Mankomunidadeari Gizarte Ekintzetarako eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (296.361 euro) zein Bardintasun politiketako (21.198 euro) Programak eta Jarduerak lantzeko urtero egiten deutseen ekarpenak gehitu behar jakoz.

Bestalde, Udalak aurrekontuan beste 125.000 euro sartuko ditu, udalerrian zailtasun handienak dituen familiei laguntza ekonomikoa emoteko (62.500 euro) eta herriko enpresa eta negozioei (beste 62.500 euro) laguntzeko. Behargintzatik be merkataritzarako laguntzak eskainiko dira (14.000 euro).

Hori guztia dala eta, Udalak 1.288.504 euro bideratuko ditu 2020an, gaur egun edegita dituan 7 laguntza-arloen bidez (Euskerea, kulturea eta hezkuntzea; Kirola; Bardintasuna eta emakumea; Garapenerako lankidetza eta gizarte-zerbitzuak prebeniduteko erakundeak; Edadekoak; Gizarte Ekintza eta Enplegua eta Sustapen Ekonomikoaren esparruan) eta beste erakunde eta administrazino batzuekaz lankidetzan aktibo dituan laguntza-programen bidez. Laguntza ekonomiko horreetako asko Covid-19aren pandemiak sopeloztar, autonomo eta herriko enpresa txiki eta ertainen artean eragindako ondorio ekonomiko negatiboak arintzeko dira.

Udal-gobernuaren esanetan, 'laguntzon helburuak dira: familia behartsuenei eta egoera ahulean dagozan personei laguntzea, koronabirusaren pandemiaren ondorioei aurre egitea, udalerrian kultura-jarduerak laguntzea, Sopelako enpresa eta merkataritza zein alkarte-sarea indartzea, jarduera fisikoa, kirola eta emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna sustatzea...Laburbatuz, herritarren ongizatea eta bizi-kalidadea hobetzea da asmoa' adierazo dabe.


2020ko laguntzak

1. Euskerea, kulturea eta hezkuntzea: 78.200 euro (atal honetan kultura eta euskera arloetako diru-laguntzak sartzen dira, baita Zipiriñe guraso-alkarteagaz, Zirrimarragaz eta Meñakoz Kultur Alkarteagaz egindako hitzarmenak be).

2. Kirola: 398.300 euro (errendimendu handiko kirolarientzako kirol-diru-laguntzak eta Ugeraga, Peñatxuri, MUS, Hirubi, Urko MT, Kurene, Munarrikolanda MT, Airetik, Munarri AT edo Tai-Txirekin hitzarmenak).

3. Bardintasuna eta emakumea: 48.000 euro (Itzartu alkarteagaz hitzarmena eta bardintasun-politikak barrubatuta). Zenbateko honi Udalak Uribe Kostako Mankomunidadeari Bardintasun-Programa eta Jardueretarako egiten deutson ekarpena gehitu beharko litxakio (21.198 euro).

4. Garapenerako lankidetza eta gizarte-zerbitzuak prebeniduteko erakundeak: 45.000 euro (esku-hartze sozialeko erakundeakaz lankidetzan ibilteko diru-laguntzak eta Euskal Fondoagaz lankidetza hitzarmena barrubatzen ditu).

5. Persona Nagusiak: 35.000 euro (Lagun Artea Alkarteagaz eta Barrikako zaharren egoitzeagaz egindako hitzarmenak eta zahartze aktiborako programea barrubatzen ditu).

6. Gizarte Ekintza: 92.500 euro (energia-pobrezian dagozan familientzako, eskola-materiala erosteko, Udal Euskaltegian matrikuletakoatzeko, etxebizitzak alokatzeko, elikagaiak indartzeko eta eten digitala arintzeko diru-laguntzak). Nabarmendu behar da Udalak, lehen esan bezala, 296.361 euroko ekarpena egiten deutsola Uribe Kostako Mankomunidadeari, Gizarte Larrialdietarako Laguntzakaz eta gizarte-ongizatearekin lotutako Programak eta Jarduerak jorratzeko.

7. Enplegua eta Ekonomia Sustapena: 134.945 euro (ekintzaileentzako, langabezian dagozan personak kontratetako, tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta erosketa-bonuen kanpainea abian jarteko diru-laguntzak emoteko hainbat arlo barrubatzen ditu).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu