eLiburutegiak hirukoiztu egin dau mailegu-kopurua aurtengo lehen seihilekoan
2020-07-17 10:46 KultureaMiñan, Amets Arzallusena, gehien mailegatu diran euskerazko bost liburuen artean dago.
Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak 15.196 erabiltzaile barri erregistrau ditu 2020ko lehen seihilekoan, eta 56.366 erabiltzaile ditu orain. Erabiltzaile barri horreen heren bi baino gehiago (10.000 baino gehiago) eLiburutegira hurreratu ziran konfinamendu-aldian. Mailegu digitalen kopurua kontuan hartuta, eLiburutegiak urteko lehen seihilekoan 91.881 liburu emon ditu maileguan, 2019ko aldi berean maileguz emondakoa halako hiru. Esangura horretan, sei hilean bakarrik, eLiburutegiak nabarmen gainditu dau urtebetean sekula izan duaen maileguen erregistroa, orain arte gehien erregistrau dituana 2019. urtea izan dala kontuan hartuta (68.891 mailegu urte osoan).
Datuek erakusten dabe eLiburutegiak azken urteotan izan dauen etenbako hazkuntza egonkorra azken hilotan igon egin dala, batez be konfinamenduaren hasieran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak erabiltzaile izateko izapidea errazteko erabagia hartu ebaneteik. Azken urteotan erabiltzaileen hazkuntzea ez zan 1.000 biztanlekoa be hile bakotxean eta aurtengo martian, ostera, 6.773 erabiltzaile barri erregistrau ziran eta apirilean, 3.864. Hileko mailegu-kopuruari jagokonez, apirilean egin ziran mailegu gehien, 27.889 (inoiz erregistrorik onena eLiburutegia sortu zanetik), gero martian (18.536) eta, ondoren, maiatzean (17.990 mailegu).
Libururik irakurrienak (edozein hizkuntzatan), 2020an, honako honeek izan dira: La Nena (Inspectora Elena Blanco 3), Carmen Molarena; El enigma de la habitación 622, Jöel Dicker-ena; La chica de nieve, Javier Castillorena; Reina Roja, Juan Gómez-Juradorena, eta Aitaren etxea, Karmele Jaiorena.
Gehien mailegatu diran euskerazko bost liburuak:
Aitaren etxea, Karmele Jaio
Amaren eskuak, Karmele Jaio.
Miñan, Amets Arzallus.
Altxor desagertuaren misterioa, Genonimo Stilton.
Ezekiel nora ezean, Jasone Osoro.
Gehien mailegatu diran gaztelaniazko bost liburuak:
La Nena (Inspectora Elena Blanco 3), Carmen Mola.
El enigma de la habitación 622, Jöel Dicker
La chica de nieve, Javier Castillo.
Reina roja, Juan Gómez-Jurado.
Los señores del tiempo, Eva García Saénz de Urturi.
Eduki digitalen konsumo ordenatua
Euskadiko liburu digital eLiburutegiak, gaur egun, 15.000 film inguru eta 600 audioliburu inguru ditu Daisy formatuan, bai eta 17.020 liburu be. eLiburutegia proiektua 2014ko zemendian sortu zan, egile-eskubideak babesten dituan eduki digitalen konsumo ordenatua eskaintzeko. Eusko Jaurlaritzeak dau mailegu bakotxeko zenbateko bat pagetako ardurea eta, holan, erabiltzaileei kultura-eduki digitaletara doban sartzeko bidea eskaintzen deutse. Era berean, filmen kasuan, eFILMegaz lortutako akordio bati esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak batez beste 50 zentimo pagetan ditu, mailegu bakotxeko.
eLiburutegia erabili ahal izateko, erabiltzaileak altea emon behar dau Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko (EISP) liburutegi publikoren batean. Bazkide egiteko edo sarbideko gakoa lortzeko, oro har, interesdunek liburutegi publiko batera joan behar dabe baina, martitik aurrera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskal herritarrei izapide hori Internet bidez egiteko aukerea be emoten deutse; horretarako, liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbidera idatzi behar da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!