Pabilioi 6-k egoitza iraunkorra edegiko dau Gazte Konpainiarentzat

Bizkaie! 2020-07-16 12:46   Kulturea

Programazinoa irailaren 17an hasiko da.

Programazinoa irailaren erdialdean hasiko da Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? antzezlanagaz. Urte osoko programazino eta ekimen barriak izango ditu, berbarako, nerabeei eta helduei zuzendutako antzerki-ikastaroak.

Aurten, antzerkirako eta kulturarako momentu kritiko honetan, Pabilioi 6 areto bilbotarrak hamar urte beteko ditu, baina normaltasun barriak ez ditu energiak harrotuko. Bagilaren erdialdetik aurrera bere programazinoari ikuskizunei berrekin badeutso be, 2020-2021 ikasturtea oso berezia izango da maila askotan; alde batetik, Bizkaiko antzerki-panoraman erreferentea dan proiektuaren hamargarren urteurrenagaitik eta, bestetik, Gazte Konpainiarentzako egoitza iraunkor bat sortzeko ekimenagaitik, urtarrilean Ubú, Finantzen Errege izeneko bere bosgarren muntaia sustatu eban proiektua. Azkenengo lan honen eta aurreko lau obren antzezle batzuk izango dira jatorrizko esparruaren aurrean dagoan areto barria martxan jarteko arduradunak. Hogei bat aktore gaztek eta arte eszenikoakaz lotutako beste persona batzuek espazioaren kudeaketea euren esku izango dabe irailaren bigarren hamabostalditik aurrera, Pabilioi 6ko talde beteranoaren eskutik eta haren babespean.

Gazte Konpainiaren aurreko taldeek sortutako lanen katalogoa birjarteaz gan, urte osoan zehar proiektu barriak programauko dira. Lehenengoa Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? izango da, irailaren 17an hasiko dana. Gaur, proiektuaren logoa aurkeztu da, urdin turkesearen eta baltzaren arteko buztarketea, ama aretoko gorri-baltz mitikoaren osogarri.

Gazte eta ez hain gazteentzako antzerki ikastaroak Kultura zabaltzeko eta antzerkia publiko barrietara hurreratzeko lanean, urteroko ikastaroak sortzea izango da barrikuntza nagusietako bat. Hainbat taldetan banatuko dira: 12 eta 15 urte bitarteko talde bat, 16 eta 18 urte bitarteko beste bat eta 18 urtetik
gorako helduentzako hirugarren bloke bat.

Informazino gehiago eskuratu ahal izango da helbide elektronikora idatziz gaztek.pabellon6@gmail.com, aretoaren webgunean (www.pabellon6.org), kaleratu barria dan @gaztekonpainia eta Pabilioi 6ko sare sozialetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu